Tolosa lehen aldiz sartu da binakakoan, eta Artola kanpoan geratu da

Tolosaldeko Ataria 2021ko aza. 16a, 12:07
Binakako Pilota Txapelketaren aurkezpena Bizkaia frontoian egin dute. ASPE

Binakako Pilota Txapelketaren aurkezpena egin dute, eta eskualdeko lau pilotari izango dira bertan: Jokin Altuna eta Xabier Tolosa, Aspe enpresatik, eta Erik Jaka eta Jon Ander Peña, Baikotik.

Zehaztu dituzte, beraz, txapelketa jokatuko duten zortzi bikoteak. Aspetik, Altuna III.a eta Martija, Ezkurdia eta Tolosa, Elezkano II.a eta Zabaleta, eta Irribarria eta Rezusta ariko dira. Baikotik, berriz, Laso eta Imaz, Urrutikoetxea eta Aranguren, Jaka eta Mariezkurrena II.a, eta Peña II.a eta Albisu.

Aurkezpenak, bere horretan, zenbait albiste ekarri ditu. Batetik, Tolosarentzat bere lehen aldia izango da titular moduan lehen mailako binakako txapelketan. Bestetik, Iñaki Artolak ez du parte hartuko titular moduan. Baikoko laugarren aurrelariaren postua Peña II.aren eta Artolaren artean egongo zela aurreikusten zen, eta azkenean, tolosarrak lortu du postu hori. Peña II.a txapeldunorde izan zen aurreko txapelketan Albisurekin, eta berriro osatuko dute bikotea.

Asteburu honetan hasiko da txapelketako lehen jardunaldia, berezitasun batekin, Bartzelonan jokatuko dela partida bat, larunbatean. Altuna III.ari egokitu zaio partida hori jokatzea, eta Martija bikotekidearekin ariko da, Irribarria-Rezustaren aurka. Txapelketaren estreinako partida Jaka-Mariezkurrena II.a eta Peña II.a-Albisu bikoteek jokatuko dute, ostiralean, Berriozarren. Larunbatean jokatuko dute Baikoko beste bi bikoteek, Urrutikoetxea-Aranguren eta Laso-Imaz, Iruñean. Azkenik, igandean, Ezkurdia-Tolosak eta Elezkano II.a-Zabaletak Mungian jokatuko dute.

Final laurdenetako ligak bi itzuli izango ditu, eta otsailaren 20an amaituko da. Play offa, berriz, otsailaren 27an jokatuko dute: hirugarren sailkatuak seigarrenaren aurka, eta laugarrenak bosgarrenaren aurka. Jarraian, martxoaren 6an, 13an eta 20an jokatuko dute finalerdietako ligaxka, eta, azkenik, finala apirilaren 3an, Bilbon.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!