Lan merkatua astintzen laguntzeko

Ataria 2021eko azaroaren 12a

2019ko Enplegune topaketako artxiboko irudia.

Abenduaren 3an ospatuko da Enplegunea, eta ia 400.000 euro banatuko ditu Tolosaldeko enpresen artean, kontratazioak sustatzeko. Lan eskaintzak egin nahi dituzten enpresek azaroaren 23a baino lehen egin beharko dituzte eskaerak.

Tolosaldea Garatzenek iragarri du bueltan dela Enplegunea, Tolosaldeko lan merkatuaren topaketa. Abenduaren 3an egingo dute, Lehiberri Zentroan. 

Enplegu aukera berriak sustatzeko ezinbesteko egitasmoa izan da azken urteotan, egoitza eta lan eremua eskualdean duten enpresei diru laguntzak ematen baitzaizkie Tolosaldean erroldatuta dauden langabetuak kontratatu ditzaten.

Aurten, Lanbidek ia 400.000 euro bideratu ditu eskualdera, eta orotara 63 kontrataziok jasoko dute diru laguntza. Kontratazio gastuaren %75 lagunduko da, hilabete bakoitzeko lanpostuko 1.000 eurorekin, eta gehienez sei hilabetez. Kontratazioko epealdia, 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra artekoa da.

Tolosaldea Garatzenek egunotan abiatuko du prospekzioa enpresetan, lan-aukera berriak detektatzeko. Dena dela, lan eskaintzaren bat egin nahi duen edozein enpresak izango du bere proposamena egiteko aukera, azaroaren 23ko 15:00ak baino lehen. 

Elkarrizketak aurrez aurre

Hori bakarrik ez, eskualdeko enpresen eta lan eskatzaileen arteko topaleku ere bada Enplegunea, enpresa bakoitzak bere lan eskaintzara hobekien egokitzen diren pertsonak aurrez aurre elkarrizketatzeko aukera izango baitu egun horretan. 

Azaroaren 23tik aurrera argitaratuko da Enpleguneko lan-eskaintzen zerrenda osoa, eta ordutik aurrera lan bila dabiltzan herritarrek hitzordua eskatzeko aukera izango dute, lan3@tolosaldea.eus helbidera idatziz, edo webgunearen bidez izena emanez. Kontratazioa gauzatu ahal izateko Lanbiden alta emanda ere egon beharko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!