Euskaraldian sustatzen diren portaerak indartzen eta lantzen jarraitzeko helburuarekin, azaroaren 22tik abenduaren 5era bitartean gauzatuko den Haurren aurrean, helduok heldu kanpaina berriaren aurkezpena egin dute, gaur, Tolosan. Hain justu, eskualdeko 16 ikastetxek bat egin dute ekimen honekin: Abaltzisketako Txalburu Eskolak, Adunako Herri Eskolak, Altzoko Imaz Bertsolaria Eskolak, Alkizako Herri Eskolak, Amezketako Zumadi Eskolak, Anoetako Herri Ikastolak, Ibarrako Uzturpe Ikastolak, Irurako Ikastolak, Lizartzako Herri Eskolak, Tolosako Herrikide Ikastetxeak, Laskorain Ikastolak eta Samaniego Herri Ikastetxeak, Amasa-Villabonako Fleming Herri Eskolak eta Zubimusu Ikastolak, eta Zizurkilgo San Millan Eskolak eta Pedro Mari OtanĚo Herri Eskolak.
Alkizako Herri Eskolako zuzendari Juan Carlos Alduntzinek adierazi duenez, "umeen aurrean, euskal hiztunok elkarrekin euskaraz egitea" da egitasmoaren nahia. "Umeei askotan esaten diegu haien artean euskaraz egiteko, eta bitartean, helduok gara gure hizkuntza ohiturak aldatzeko prest ez gaudenak”, ohartarazi du.
Ekimenak iraungo duen hamabost egunetan zehar, helduek elkarrekin euskaraz egitea proposatzen da, batez ere, umeen aurrean. "Garrantzitsua izango da euskal hiztunek elkarrekin euskaraz egitea, haurrek eredua helduengan jar dezaten", aipatu du Itziar Lozano Anoetako Herri Ikastolako irakasleak.
Horregatik, 0-12 urte bitarteko umeekin harreman estua duten guztiei bideratua dago: irakasleei, eskola gaineko langileei, zaintzaileei, gurasoei, autobus gidariei, haurren bila joaten direnei, baita eskola komunitatetik kanpora haurren inguruan ibiltzen diren guztiei ere. "Euskaraz dakigunon artean euskaraz egitea da gakoa, ausartenek izango baitute bi hizkuntzetako elkarrizketa praktikatzeko aukera. ”, gaineratu du Lozanok.
Ekimena martxan den bitartean, proiektuaren inguruko informazioa jasotzeko aukera izango dute herritarrek, telegram aplikazioaren bitartez. Horretarako, aplikazioko bilatzailean Haurren aurrean Tolosaldea izeneko taldea bilatu eta bertara batu behar dute. App Store edo Google play-ren bitartez dago Telegram deskargatzeko aukera.
Kale neurketari begirada
UEMAk eta Galtzaundik 2017an elkarlanean egindako Tolosaldeko herrietako hizkuntza erabileraren kale neurketaren datuak aztertuz gero, lau haurretatik hiru entzun ziren euskaraz; helduetan berriz, lautik bi baino ez. Alduntzinek aipatu duenez, “oso albiste ona da belaunaldi gazteenak izatea euskara gehien dakitenak, eta gehien erabiltzen dutenak".
Hala ere, nabarmendu du helduak ezin direla erlaxatu. "Euskaraz egiteko mezua haurrei zuzentzetik helduoi zuzentzera igarotzeko garaia iritsi zaigu. Euskaldunok euskaldunokin euskaraz egitea arau sozial bilakatu behar dugu, izan ere, haurrek egiten dugunetik ikasten dute, eta ez esaten dugunetik. Lehen esan bezala, eredu izatea dagokigu, eta haurrei askotan esaten diegun hori gauzatzea posible ote den edo ez frogatzea”.