Hiru podium eta bosgarren postua Euskadiko Judo Txapelketan

Ataria 2021eko azaroaren 10a

Oskar Gibelalde klubeko arduraduna, Markel Caballero, Lur Zabala, Zuriñe Tardio eta Ruben Lekuona, Euskadiko Txapelketan.

Judo Klub Tolosako lau judokek lan bikaina egin zuten larunbatean jokatu zen senior mailako Euskadiko Txapelketan.

Ruben Lekuona tolosarrak irabazi egin zuen -81 kiloko mailan, Zuriñe Tardio txaramarra bigarren izan zen -63 kiloko mailan, Lur Zabala tolosarra hirugarren -57 kiloko mailan eta Markel Caballero tolosarra bosgarren -81 kilokoan.

Caballerok ezin izan zuen podiumera igo, baina, hala ere, bere lehen borroka afizioa egiten duten horietakoa izan zen, deskantsurik gabekoa, eta bi lehiakideek tatami gainean dena utzi zuten. Caballerok bigarren aukera eduki zuen, baina eginda zuen lanaren ondorioz ezin izan zuen brontzezko domina eskuratu. Zabalak hirugarren postuan amaitu zuen geroz eta erritmo hobea duela erakutsiz eta judoka bezala segurtasun puntua lortuz. Finalera pasatzeko gertu egon bazen ere, lan bikaina izan zen Zabalak egindakoa.

Tardio eta Lekuona finalerako sailkatu ziren emaitza desberdinekin. Tardio finalera iritsi zen borroka oso onak eginez eta mugimendu ikusgarriak burutuz, eta urrezko domina eskuratzerik izan ez bazuen ere, goraipatzekoa izan zen egindako lana.

Lekuonak, bere aldetik, egun ezin hobea izan zuen, Euskadiko txapeldun bihurtuz. Lehia guztiak irabazi zituen, borroka gogorrak eginez gainera, teknika eta fisikoaz gain zerbait gehiago eskatzen duten horietakoak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!