Gehigarria: etxebizitza

«Herritarrak, industria txiki eta ertaina eraldaketarako funtsezko eragile izan behar dute»

Ataria 2021ko aza. 25a, 09:50

Jose Ignacio Asensio (Tolosa, 1965), Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetarako diputatu izateaz gain, Gipuzkoako bigarren diputatuordea da, eta bere departamentuko ardatz nagusietako bat Gipuzkoan trantsizio energetiko bat burutzea da. Klima aldaketaren aurkako borrokari aurre egin eta ekonomia deskarbonizatzeko beharrezko erreminta bat izateaz aparte, diputatu tolosarrarentzat, pobrezia energetikoari aurre egin eta energia sistemaren erdigunean pertsonak eta herritarren erabakiak ipintzea ahalbidetuko du sistema energetikoaren eraldaketak.

Zein helburu lortu nahi dira energia komunitateekin?
Trantsizio energetikoak goitik beherako eredu aldaketa bat suposatzen du. Sistema oligopoliko batetik, sistema deszentralizatu batera; iturri fosilak erabiltzen dituen eredu batetik, energia berriztagarrietan errotzen den eredu batetara, eta batez ere, kontsumitzaile pasiboetan oinarritutako eredu batetik, kontsumitzaile-ekoizle aktiboetan oinarritzen den eredu batera. Eta energia komunitateek, energia ekoiztu eta kontsumitzeko modu berri bat ekartzen digute, non herritarren papera indartu egiten den pertsonak sistema energetikoaren erdigunean jarriz. Energia komunitateen paper nagusia beraz, energia garbiak erabiltzeaz gain, herritarrei energiaren inguruan erabakiak hartzeko gaitasuna ematea da.

Energia komunitateek kontsumitzaileentzat aurrezkia suposatzen al dute?
Energia modelo berriek, eta oro har, trantsizio energetikoak, gizarte gisa daukagun erronka ikaragarri garrantzitsu bati erantzuten diote: batetik, klima-aldaketaren aurkako borrokari aurre egitea; eta bestetik, gizartearen zati handi batek jasaten duen pobrezia energetikoa arintzen laguntzea. Honen inguruan ditugun datuak ikaragarriak dira: Gipuzkoan, zehazki, 62.5000 etxebizitza daude pobrezia energetikoa pairatzeko arriskuan. Eta ez da harritzeko, izan ere, azken hamabi urteetan, elektrizitatearen kostua %53 handitu da, eta gas naturalarena, %25. Abian jartzen ari garen energia eredu berriek, besteak beste, kontsumitzaileentzat %20 inguruko aurrezki ekonomikoa suposatuko dute. Egoera guzti horri aurre egiteko energia jasangarritasunaren estrategia jarri dugu martxan.

Zeintzuk dira Gipuzkoa 2050 Jasangarritasun Energetikoaren Estrategiaren helburuak?
Zaurgarritasun energetikoari aurre egitearekin batera, GEHE 2050 Gipuzkoa 2050 Energia Jasangarritasunaren Estrategiaren helburu nagusia gure ekonomia deskarbonizatzea da. 2050. urterako neutralitate klimatikora heltzeko eta energia berriztagarrien kuota 80%ra iristeko erronka daukagu. Horretarako, energia fosilen ordezkapena bultzatu behar da, gure gizartean energia berriztagarrien modelo energetikoak txertatu eta energia eraginkortasuna areagotu behar dugu. Goitik beherako eraldaketa bat egin behar da, eta orain arte erabili dugun energiaren kontzepzio komertziala alde batera utzi. Aurrera begira, energia oinarrizko eskubide bat bezala lantzen hasi behar dugu.

Mendekotasun energetiko handia du Gipuzkoak?
Lurralderako zaurgarritasun energetikoari dagokionez, Gipuzkoak % 92,77ko mendekotasun energetikoa du, eta, beraz, gure autohornikuntza % 7,23koa baino ez da. Gure helburu nagusietako bat energia primario berriztagarria ekoizteko lurralde-gaitasuna handitzea da. Eta horretarako, autokontsumorako energia modu banatuan sortzeko ereduak bultzatzen ditugu, hala nola tokiko komunitate eta kooperatiba energetikoak.

Nola kudeatuko dira tokiko energia komunitateak? Eredu ezberdinak bultzatuko dira?
Eredu ezberdin asko daude. Kasu bakoitzak bere eredu zehatza behar du, eta eredu guztiak dira bateragarriak eta osagarriak. Zumarraga, Larraul, Berrobi eta Orexan adibidez, komunitate energetikoak atera dira aurrera. Hauen berezitasuna, udaletxeek eraikin publikoen estalkiak lagatzen dituztela da, bertan plaka fotoboltaikoak ipintzeko. Zumaia, Donostia, Arrasate edota Azpeitian aurrera atera den beste ereduan, kooperatibetan, lurzoruan jartzen dira plakak eta interesatutako herritarren artean kooperatiba bat sortzen da, horrek eskatzen dituen konpromisoekin.

Europako zuzentarauak horrelako tokiko energia komunitateak bultzatzen lagunduko du?
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen departamentuak laguntza lerro bat aurkeztu zuen Europako funtsetara, Euskadi Next delakoaren bidez, gure udalek baliabide ekonomiko horiek aprobetxa ditzaten, Gipuzkoan autokontsumoa eta energia berriztagarrien sustapena zabaltzeko, eta bide batez bere herritarren eskutik, Gipuzkoan trantsizio energetikoa bizkortzeko. Bide horretan, garrantzitsua da administrazioaren eginkizuna, lurraldeko eragileei, udalei, enpresei eta herritarrei diru laguntzak, lankidetza eta laguntza emateko. Energia sistemaren erdian pertsonak kokatzen dituen eredu energetikoa eraiki nahi dugu guztion artean eta hori lortzeko, lankidetza beharrezkoa da; herritarrak, eta industria txiki eta ertaina, eraldaketarako funtsezko eragile izan behar dute.



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!