Gehigarria: etxebizitza

Etxebizitza merkatua Etxebizitza nahi eta ezin

Ataria 2021ko aza. 16a, 09:44

Etxebizitzen prezioak oso altuak dira, eta soldatak geroz eta baxuagoak. Gaur egun oso zaila da etxebizitza bat erostea, eta irtenbidea ez da alokairua; alokairuen prezioa ere oso altua baita. Jendarte osoari eragiten dio, baina gazteak dira gurasoen etxebizitzatik ateratzeko arazo gehien dituztenak.

 

Eusko Jaurlaritzak aginduta egindako Euskadiko Gazteen 2019ko Panoramika txostenak dio Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteak, batez beste, 30 urterekin emantzipatzen direla, eta arrazoi nagusia etxeen garestitzea dela.

18 eta 29 urte artekoen artean soldata garbia 1.164 eurokoa da bataz beste, eta 30 eta 34 urtekoen artean aldiz, 1.428 eurokoa. Datu gehiago eskaintzen ditu txostenak; 18 eta 24 urte bitarteko gazteen %6,7 bakarrik independizatu dela eta 25 eta 29 urte artekoen artean %35,7. 30 eta 34 urte artekoak dira gehien emantzipatu direnak, %72,8.

Etxebizitza librearen garestitzea da gazteek etxebizitza propioa izateko oztopo nagusia, merkatuko adituek diote 2015etik etxebizitzen salneurria mantendu dela orokorrean, pentsatzekoa da enpleguaren egoerari (langabezia, soldatak, enpleguaren egonkortze eza...) zor zaiola beraz, egoera. Izan ere, alokairua izan daiteke alternatiba, baina aipatu txostenak dio alokairuan dauden etxebizitzak ez direla nahikoa; 2018an mila etxebizitza baino ez zeuden eskuragarri, aldiz salgai 20.000 baino gehiago zeuden.

Etxebizitza hutsen inguruko dekretua

Egoerari buelta eman nahian etxebizitza hutsen inguruko dekretua onartu zuen Eusko Jaurlaritzak pasa den ekainean. Araudi berriaren arabera, urteroko kanon bat ezarriko zaie etxebizitza hutsei, eta alokatzera behartu edota, kasurik larrienetan, desjabetu ahalko dituzte. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak egindako kalkuluen arabera Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 15.000 etxe huts baino gehiago daude.

Dekretuak dio metro koadro bakoitzeko 10 euroko kanona ezartzeko aukera izango dutela udalek, dagoeneko hutsik dauden eta bi urte baino gehiago hutsik daramatzaten etxebizitzei. Kopuru hori %10 handituko da okupatu gabeko urte bakoitzeko. Udalei dagokie dirua biltzea eta denboran mantentzea, bizilagunik gabeko etxebizitzaren ebazpena atzera bota arte. Bildutako dirua udalerri bakoitzeko etxebizitza politiketarako baliatuko dutelarik.

Alokatzera behartu

Horiek horrela, etxebizitza huts bat alokatzera behartu ahal izango da, tentsio handiko eremuetan dauden etxeen kasuan. Eremu edo udalerri horrek etxebizitzarako egiaztatutako eskaria eta premia dituela jaso beharko delarik adierazpen batean. Bi dira hortaz, bete behar diren baldintzak; Etxebiden izena emanda dauden alokairuko 100 etxebizitza-eskatzaile egotea gutxienez eta parke publikoaren bidez horien eskariari erantzuteko aukerarik egotea bi urtetan; eta eremuan batez besteko alokairuaren prezioak udalerriko batez besteko errenta baino %10 handigoak izatea, gutxienez.

Desjabetzeari buruz dekretuak dio muturreko kasuetan eman ahalko dela. Hau da, urtebete baino gehiago hutsik egon diren etxebizitzak desjabetu ahalko dira, hori bai etxebizitzaren eskaria dagoen eremuetan eta desjabetzea erabilera bermatzeko egokia denean. Etxea erortzeko arriskuan badago edo pertsonen segurtasuna bermatu ezin bada desjabetzea eman ahalko da ere. Kasu horietan, etxe horiek birgaitzea eta irabazi asmorik gabeko elkarteen esku jartzea lehenetsiko da. Bigarren etxebizitzak salbuetsi dituzte.

Etxebizitza hutsen jabeei horiek birgaitzeko laguntzak bideratu dizkiete ere. Alokairu babestutako erabiliko direnek izango dute lehentasuna. Bestetik, etxebizitza hutsak dituztenek aldi baterako Eusko Jaurlaritzari utzi ahalko dizkiete Bizigune programaren bidez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!