Urtero iristen da San Martin

Tolosaldeko Ataria 2021ko aza. 10a, 11:57

San Martin eguna izango da bihar, eta eskualdean Alkizan, Amezketan eta Amasan ospatuko dute; Amasan, ordea, gaurkoa dute egun handia.

Urtero iristen da San Martin eguna, eta aurten ere ez du hutsik egingo. Bihar, Martina, Martin edo Mattin izena dutenen eguna izango da. Esaera zaharrak txerri guztiei heltzen zaiela sanmartin dio, baina ohitura horiek atzean geratzen ari dira. Festa da nagusi San Martin egunaren bueltan, eta nahiz eta, Koronabirusaren garaietan ibili, aurten, ospatu egingo dute Alkizan, Amezketan eta Amasan.

Amezketan jai eguna izanik, haurrei zuzendutako eskaintza izango da egun guztian zehar, eta usadio zaharrei eutsiz, meza nagusia izango dute elizkoiek San Martin ermitan. Nola ez, erretirodun guztien gozamenerako bazkaria egingo dute.

Alkizan ere ildo bertsutik ospatuko dute San Martin. Helduenentzat bazkaria, eta gaztetxoenentzat txotxongilo emanaldia. Alkizan, ordea, ostiralean eta larunbatean ere izango dute zer ospatua.

EGUN HANDIA, AMASAN

Bezpera izanagatik gaur dute egun handia Amasan. Goizean goiz jaikita ibiliko dira gazteak baserriz baserri. Eta bazkari eta afari, egun betea izango dute jokoak tarteko.

Festek ez dute etenik izango, eta larunbata bitartean haur, gazte eta helduek gustukoa den horretaz gozatzeko aukera izango dute.



SAN MARTIN JAIAK

AMEZKETA
Azaroak 11, osteguna.
10:00-13:00. Haurrentzat puzgarria Larrunarri frontoian.
12:30. Meza nagusia, San Martinen.
14:00. Bazkaria, Beartzana jatetxean. Bertsolari eta trikitilariak bertan izango dira.
16:30. Haurrentzat jolasak Larrunarri frontoian, Gaztelekuaren eskutik.
18:00. Haurrentzat merienda, guraso elkartearen eskutik.

ALKIZA
Azaroak 11, osteguna.
14:00. Erretirodunen bazkaria, Alkizako herri ostatuan.
17:00. Erreka Mari txotxongilo emanaldia, kultur etxean.

Azaroak 12, ostirala.
17:00. Haur jolasak, ginkana (bizikletan), musika dantza... frontoian eta ondoren, haur zein helduentzako txokolatea eta pintxoak guraso elkartearen kontura, frontoian.
21:00. Herri afaria Ostatu jatetxean. Ondoren. Kontzertu akustikoa Iker Lauroba eta Leire Berasaluzeren eskutik.

Azaroak 13, larunbata.
17:30. Ianire Aranzaberen kantaldia. Ondoren. Musika Bassagain soinu sistemaren eskutik.

AMASA
Gaur, azaroak 10.
06:00. Gazteen gosaria Amasa kafetegian, trikitilariek alaiturik.
14:30. Gazteen bazkaria Uxo-Toki elkartean.
17:00. Sokadantza eta aurreskua plazan.
21:00. Gazteen afaria Iturri-Goxo jatetxean.

Azaroak 11, osteguna.
10:00. Meza santua.

Azaroak 12, ostirala.
17:00-19:00. Puzgarriak,frontoian.

Ondoren. Txokolate beroa.
17:30. Dudik-P taldearen kontzertua.
19:30. Amasako XVIV. Bakailu Lehiaketa Iturrigoxon.
23:30. Distopia elektrotxaranga.

Azaroak 13, larunbata.
11:00. Umekrosa (6. maila arteko umeentzat).
12:00. Herriko proba.
18:30. Bertso saioa, elizan. Bertsolariak: Unai Mendizabal, Onintza Enbeita, Sebastian Lizaso eta Oihana Iguaran. Gai-jartzailea: Imanol Artola, felix.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!