Luis Galarragak eta Andres Aramendik osatutako bikotea oso ezaguna da Tolosaldeko pilota afizionatuan, baita hemendik kanpo ere. Bi hauen arteko hausnarketek klub edo elkarte berri baten sorrera ekarri zuten: Tolosaldeko Aurrera Saiaz, Tolosako Aurrera eta Bidania-Goiazko Saiaz kluben arteko bateratzetik sortua, 1993. urtean.
Bidanian, Belloso aitak bultzatu zuen pilota ume talde txiki batekin hasita. Herrian gauza handia izan zen Belloso profesionaletara pasatzea, horrek bultzatu baitzuen pilota eskolaren sorrera eta, bide batez, Saiaz klubarena 1989an.
Hasieratik egon da Luis Galarraga klubean, inguruko herrietako (Bidania-Goiatz, Errezil, Albiztur...) haurrak animatuz pilota praktikatzera. Bitxikeria bezala dio Aimar Irigoien harri-jasotzaile ezaguna ere pilota eskolan ibili zela.
Galarragak azkar ikusi zuen baliabideak partekatu beharra zituztela, eta horretarako Andres Aramendirekin (2015. urtean zendua) harremanetan jarri zen. Tolosako Aurrera klubaren arduradunak segituan ulertu zuen elkarlanaren beharra eta Tolosaldean elkarte indartsu bat sortzeari ekin zioten biek. Bidaniarra oraindik ere hunkitu egiten da Aramendiri buruz hitz egiterakoan. «Pertsona zintzoa eta oso eskuzabala» zela dio Galarragak.
BI ELKARTEREN BATERATZEA
Bi kluben elkartzeak asko bultzatu zuen pilotaren promozioa bailaran, baita klubaren izena bailaratik kanpo ere. Ander Ugarterekin zituzten harreman onak zirela eta, Iparraldeko pilotariak, Mendi anaiak, Bixintxo Bilbao, gero Asegarcen ibilitako Lemuno, Tolosara etortzen hasi ziren prestatzera. Bestalde, Asegarce klubaren baliabideak erabiltzen hasi ziren, bai frontoia eta baita bertako teknikariak ere.
Elkarlanak ondo funtzionatu zuen, eta eginbeharrak oso erraz partekatzen zituzten Luisek eta Andresek: «Pilotaren maitale sutsua zen eta tertulietan gustura egoten zen»,dio hunkituta Galarragak. «Sukaldari ona zenez, noizean behin bazkariak prestatzen zituen klubeko pilotarientzat, aitzaki horrekin gero pilotaz tertulia luze-zabalak egiteko».
Aurrera Saiaz klubetik nolako pilotari sorta pasa den gogoratzen du Luis Galarragak: «Albisu, Artola, Arteaga, Erasun eta Peña profesionaletan dabiltzanak eta baita Eneko Labaka, Telletxea, Elola afizionatuetan». Gaur egun pilota munduan sartuta jarraitzen du bidaniarrak baina klubean zituen ardurak utzi ditu. Aramendiren heriotzarekin, horretarako behar den indarra galdu zuen, ezin zuen bere lagun minik gabe jarraitu.
Bukatzeko, azken gogoeta utzi nahi izan du Galarragak: «Azken urteetan pilotak gabezia asko eta handiak ditu, bai pilotari kopuruan baita kalitate mailan ere. Gainbehera horri ez bazaio frenorik jartzen, egindako zuloa ezin izango da konpondu».