Osasungintzaren inguruan dagoen "gardentasun eza" salatu du TOPAk

Tolosaldeko Ataria 2021ko aza. 2a, 19:59

Tolosaldeko osasun arreta hobetzeko prozesuan "modu demokratikoan parte hartu ahal izatea" exijitu dute Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformako kideek.

TOPAk hainbat kezka eta zalantza argitu nahi ditu Tolosaldeko osasungintzaren inguruan: besteak beste,   eskualdeko ospitale berriak izango dituen hornidurak zeintzuk izango diren edota osasun proiektu berrian Asuncion Klinikak zer egiteko dituen. Izan ere, gai horien inguruan dagoen "gardentasun falta eta obskurantismoa" salatu dute, prentsa agerraldi batean.   

"Ospitale berri horri buruz dakigun gauza bakarra Iurreamendiko aparkalekuan egingo dutela da", esan dute. Osasun Sailak plan funtzionala noiz egingo zain daudela ere esan dute, izan ere, "ez dago inongo asmorik haren lanketan eragin zuzena duten sektoreek parte har dezaten, alegia, eskualdeko udalek, langileek, erabiltzaileek edo sindikatuek". 

Era berean, Tolosako Udalaren jarrera salatu dute, esanez, parte hartzeaz asko hitz egiten dutela, baina Eusko Jaurlaritzarekin egiten dituzten bileretara udal ordezkariak besterik ez direla joaten: "Tolosaldeko herritarren %70aren ordezkaritza politikoa parte hartzerik gabe uzten dute, eta aukerarik ez zaie ematen gizarte mugimenduei eta herritarrei". Horren aurrean, Tolosaldeko osasun arreta hobetzeko prozesuan modu demokratikoan parte hartu ahal izatea exijitu du TOPAk. Horren harira luzatu dute galdera: "Zer parte hartze ari da bultzatzen Tolosako Udala? Eta kontuan izanik Tolosalde guztiaren osasungintzaz ari garela, zer esku hartze dute eskualdeko beste udalerriek?". 

Gaiaren aipamena udalean

Tolosako azken osoko bilkuran TOPAk Asuncion Klinikarekin zer gertatuko den galdegin zion udalari, erreferentziazko ospitale izateari utzi behar dion honetan. TOPAk argitu du ez dutela gaiaren inguruan "inolako informaziorik" jaso.  

TOPAk gogorarazi du Asuncion Klinikak 50 urtetik gora daramatzala martxan eta ez dela "erreforma obrarik egin", ezta "diagnosi baliabideen hornikuntzarik" ere, "beste eskualdeetako ospitaleetan egindakoarekin konparatzeko moduan"; adibidez, laster, Bidasoako ospitalean eta Deba Garaikoan egin behar dituztela esan dute. 

"Baina orain jakin dugu klinikan erreformak egiten ari direla. Zer helburu dute obra horiek? Zerikusirik badu Tolosaldeko osasungintzaren egoera berri honetan klinikak izango duen egitekoarekin?". Erreforma horiek egiteko dirua jartzen nor ari ote den ere galdetu diotela esan dute udalari, eta udalak erantzun die "ez dutela klinikarekin hitz egin, obrak beharrezkoak direla haren jarduerarako, erantzunik ez duela gure zalantzentzat eta zalantza horiek argitzen joango direla prozesuak aurrera egin ahala". Horrez gain, udalak esan die ez dutela hitz egin ez Eusko Jaurlaritzarekin, ezta Osasun Sailarekin ere. "Hori guztia, gaiak duen garrantzia ikusita, sinesgaitza iruditzen zaigu", gehitu dute. 

Prozesua bideratzeko moduan "gardentasun gutxi" dagoela esan dute, eta "parte hartze falta nabarmena" dela. "Horren guztiaren eskutik dator, azken 35 urtetan eskualde honetan jasan ditugunak gehituta, Tolosaldeko herritarrok kezka eta zalantza mordoa izatea".       

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!