Eki Lizaso txapeldunorde Espainiako Txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2021ko urr. 29a, 10:16

Aurreko larunbatean, urriak 23, San Fernandon (Cadiz, Espainia) egindako lehian lortu zuen Danok Danenako pultsulariak 17 urtez azpiko txapelketan bigarren postua.

Orain urtebete hasi zen halterofilian Lizaso eta 16 urte bete berriak ditu. Berriro ere bere markak hobetu zituen, arrankadan 100 kilo altxatuz eta 125 kilo bi denboratan. Altxaldi guztiak balekoak egin zituen eta egindako lana bikaina izan zen benetan, etxera zilarrezko hiru domina ekarriz.
 
Espainiako lehen txapelketa izan da Lizasorentzat eta orain arte egindako lanak podiumera igotzeko balio izan dio. 
Danok Danena taldetik zoriondu dute Lizaso, eta baita Batis Kortajarena entrenatzailea ere, egindako lanarengatik.
 
Halterofilia jardunaldia Olaederran
 
Larunbat honetan, urriak 30, Villabonako Olaederra kiroldegian, goizez, halterofilia jardunaldia izango dute, Espainiako Kluben Arteko Txapelketarako sailkatzeko baliagarria izango dena. Danok Danena taldearekin batera, Aragoitik eta Nafarroatik ere etorriko dira parte hartzera. Arratsaldean ere izango da pultsularien jarduna ikusteko aukera, etxeko taldeko neska eta mutilekin batera, Gipuzkoako beste taldeak ere etorriko baitira, Zarautzetik eta Irundik, hain zuzen ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!