Saralegi eta Regillaga 13. izan dira Munduko Txapelketan

Ataria 2021eko urriaren 28a

Unai Regillaga eta Unai Saralegi, Lisboan egin den Munduko Txapelketan.

Unai Saralegi tolosarrak eta Unai Regillaga amezketarrak judoko Nage No Kata modalitateko Munduko Txapelketan parte hartu zuten asteartean, Lisboan, 13. postuan amaituz.

Parte hartzeko ordena zozketatzerakoan zorte txarra izan zuten, beraien multzoko lehenengoak izatea egokitu zitzaielako. «Lehenengoak izan ginen kata irekitzen, eta hori beti erronka bat izaten da», azaldu du Saralegik.

Normalean baino urduritasun handiagoarekin atera ziren tatamira eta horrek beraien kata bizkortzea ekarri zuen. «Azkarregi egin dugu, eta hori egiterakoan akats gehiago egiten dira», zehaztu du Saralegik. 388 puntu lortu zituzten eta beraien multzoan seigarren postua lortu zuten, orokorrean 13. eginez. Judoka tolosarrak gaineratu duenez, «emaitza ez da espero genuen bezain ona izan, baina esperientzia hau bizitzeko aukera izan dugu, eta ziur jarraian etorriko diren txapelketetarako ikasteko balio izango digula. Espero dugu datorren urtean itzultzea eta gerra gehiago ematea».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!