Irazu eta Mujika, aizkorako final nagusirako lehian

Asier Imaz/Imanol Garcia Landa 2021ko urr. 28a, 11:59

Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko kanporaketa jokatuko da larunbatean, eta bertan izango dira Jon Irazu zizurkildarra eta Jexux Mari Mujika ibartarra.

Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finala azaroaren 21ean izango da, baina aurretik, larunbat honetan, urriak 30, kanporaketa jokatuko da Zestoako kiroldegian, 18:00etan hasita. Guztira 16 aizkolari ariko dira lehian, 13 gizon eta 3 emakume. Gizonezkoetan izango dira eskualdeko parte hartzaileak, Jon Irazu zizurkildarra eta Jexux Mari Mujika ibartarra.

Eskualdeko bi aizkolariekin batera, lehen mailako beste bederatzi aizkolarik eta Araian urriaren 17an egindako promozio finaleko txapelketan sailkatutako biek osatzen dute taldea. Beraz, Irazuz eta Mujikaz gain hauek izango dira kanporaketan parte hartuko duten aizkolariak: Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Julen Alberdi Txikia IV.a, Aitzol Atutxa, Jon Rekondo, Ugaitz Mugertza, Julen Larrea, Arkaitz Jauregi, Iñaki Azurmendi eta Eloy Corchero. Egin beharreko lana, berriz, sei enbor ebakitzea izango da: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko. Parte hartzaileetatik sei onenek lortuko dute finalean parte hartzeko txartela.

Irazuk ez du bere burua ikusten finalisten artean: «Nire helburua itxura ona ematea da. Aurten ez dut uste finalean sartzeko moduan nagoenik, ezta gutxiago ere, eta ahal duguna egingo dugu». Aurtengo urtean «ilusio handirik gabe» ari dela esan du Irazuk: «Urtea nahiko triste doa, erakustaldirik-eta egin gabe, eta entrenamenduak egiteko denbora asko behar da eta motibazio handia horri ekiteko». Finalean sartzeko gauza asko alde izan behar dituela gaineratu du zizurkildarrak: «Nik lote ona izatea, besteek egun txarra izatea, eta nik inoiz baino hobea. Zaila dago, eta gainera gazte asko dago ilusio askorekin prestatuta».

Bere aldetik, Mujikak dio denen helburu izaten dela finalerako lehian izatea, baina adinarengatik «urruti samar» geratzen zaiola: «Aurreko urtean bederatzigarren postua jaso nuen. Aurten hamahiru gara eta ondo ikusten dut nire burua, ez akaso finalean sartzeko, baina bai bederatzigarren postu hori hobetzeko». Aurten egindako entrenamenduak errepikatzeko gai bada, hobeto bukatzeko esperantza du. Bestalde, azaroaren 14an Gipuzkoako Lehen Mailako Txapelketa duela azaldu du, eta han lan handiagoa egin behar dutela. Espero du egindako entrenamenduek larunbateko kanporaketarako balio izatea.

Emakumezkoen kasuan, txapelketako bost parte hartzaileetatik, duela bi aste Araian parte hartu ez zuten hirurak lehiatuko dira: Karmele Gisasola Zelai III.a, Garazi Arruti eta Uxue Ansorregi. Bost aizkolarietatik hiru aurrenekoak izango dira finalean. Urriaren 30ean Zestoan egingo den sailkapen probarako sarrerak eta azaroaren 21ean Bilbao Arenan jokatuko den final handirako sarrerak Aizkolaritxapelketanagusia.eus webgunean daude eskuragarri, 15 euroan helduentzat eta 5 euroan 18 urtetik beherakoentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!