Basoak landuko dituzte ikasleek Agenda 2030 barruan

Ataria 2021ko urr. 28a, 11:59

Ingurumenarekiko errespetuan heztea da helburua; Tolosaldeko hamar herritako 7.700 ikaslek hartzen dute parte, eta Tolosako zortzi zentrotako 4.700 ikaslek.

Beste urte batez, martxan da Eskola Agenda 2030 programa ikasturte berrian. Aurten, lehorreko ekosistemak, zehazki basoak, landuko dituzte Tolosako ikasleek.

Aurreko ikasturtean, Garapen Iraunkorreko Helburuak landuz, Tolosako jasangarritasun maila landu zuten Tolosako ikasleek (programaren 11. helburua), eta aurten, 15. helburuari helduko diote: lehorreko ekosistemetako bizitza landuko dute, zehazki basoetakoa. Lanketaren helburua da ikasleak ingurumenarekiko errespetuan heztea, eta edukia lantzeko lehen bilera egin dute Eskola Agenda 2030 proiektuaren koordinatzaileek, irakasleek eta Tolosaldeko udalerrietako ingurumen teknikariek.

Tolosako Udaletik azaldu dutenez, Eskola Agenda 2030 proiektuari esker, «Tolosako eskola-komunikateak herriaren garapen jasangarrian parte hartzeko aukera dute, eta ikasleek demokratikoki herriko erabakietan parte hartzen dute».

Tolosaldeko hamar herrik hartzen dute parte egitasmoan, guztira 7.713 ikaslek. Tolosaren kasuan, zortzi hezkuntza zentrok hartzen dute parte, guztira 4.717 ikaslek.

Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Batzar Nagusiak Garapen Iraunkorrerako 2030 Agenda onartua du, eta horren helburua da «pertsonen, planetaren eta oparotasunaren aldeko ekintza-plana, bake unibertsala eta justiziarako sarbidea indartzea».

Bada, Nazio Batuetako estatu kideek ebazpen bat onartu zuten, eta bertan onartzen dute egungo munduko erronkarik handiena pobrezia desagerraraztea dela, eta hori lortu gabe ezin dela garapen iarunkorrik egon.

Agendak 17 helburu planteatzen ditu: pobreziaren eta gosetearen amaiera; osasuna eta ongizatea; kalitatezko hezkuntza; genero berdintasuna; ur garbia eta saneamendua; eskuragarria den energia garbia; lan duina eta garapen ekonomikoa; industria berritzailea eta azpiegiturak; desberdintasunen murrizketa; hiri eta komunitate jasangarriak, ekoizpen eta kontsumo arduratsuak; klimaren aldeko ekintza; ur-azpiko bizitza; lurreko ekosistemen bizitza; bakea, justizia eta erakunde sendoak eta helburuak lortzeko aliantzak. 17 helburuekin batera, ekonomia, gizarte eta ingurumen alorreko 169 asmo ere aurreikusten ditu planak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!