Nagusitasunez pasa da Altuna III.a  finalerdietara

Imanol Garcia Landa 2021ko urr. 25a, 19:14

Amezketarrak 22-7 irabazi dio Bengoetxea VI.ari, Beotibar pilotalekuan jokatutako partidan. Finalera igarotzeko txartela Ezkurdiaren aurka jokatuko du igandean.

Erabakita geratu dira Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdiak eta bertan izango diren lau pilotarien artean egongo da Jokin Altuna amezketarra. Hil ala bizikoa zuen gaur Bengoetxea VI.aren aurkako partida Tolosako Beotibar pilotalekuan, irabazten zuenak lortzen baitzuen finalerdietara pasatzea, eta Altuna III.a nagusitasunez gailendu da, markagailua 22-7an utziz.

Beotibar ia beteta izan da gaurkoan, aspaldi ez bezala, eta pilota giro berezia bizitu da. Ikusleek, baina, partida borrokatuagoa espero zuten, eta Bengoetxea VI.ak egindako tanto bakoitza txalo zaparradarekin hartzen zuten, norgehiagoka luzatzea nahi izango balute bezala. Baina gaurkoan Altuna III.ak oso maila handia eman du, airez erasokor jokatuz eta markagailuan zuloa egiten joan da pixkanaka. Leitzarrak ez du jakin izan nola erantzun amezketarraren jokoari, eta amore eman behar izan du.

Ataria Irratia zuzenean izan da partida ematen, eta Altunarekin hitz egiteko aukera izan du Beotibarren. «Bengoetxearen aurrean banekien partida mugitu behar nuela», esan du Altuna IIIa.k. Partida berezia zela jakitun zen amezketarra, galtzen zuenak txapelketatik kanpo geratzen zelako, baina horrelakoak jokatzen ohituta dagoela esan du: «Nahiko ikasita nago. Kantxara ateratzen zarenean, beti galtzeko aukera %50ekoa izaten da». Partidan «ondo» aritu dela esan du. «Badakit urtero ez naizela sartuko finalerdietan. Beti ez zaizkit gauzak ondo ateratzen». Altunak Ezkurdiaren aurka jokatuko du finalerdia, eta %50ean ikusten du partida: «Polita da hor egotea, eta dena ematera joango naiz». 

Gaurkoan agian Bengoetxearen azken partida izan daiteke profesional bezala txapelketa batean. Altunak garbi du: «Espero ez izatea azkeneko partida Bengoetxearentzat. Profesionaletan egin duenarengatik berritzea merezi du. Pilotak eta berak merezi dute. Niri ilusioa egingo lidake berriz ere partidak jokatzea bere kontra».

Bestalde, Erik Jaka lizartzarrak Ezkurdiaren aurka jokatu zuen ligaxkako hirugarren jardunaldiko partida. Ez zegoen ezer jokoan, partida bera irabaztea, eta Jakak estu hartu zuen Ezkurdia, azkenean 22-20 galdu bazuen ere. 

Asteburu honetan jokatuko dira, beraz, Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdiak. Larunbatean Laso eta Peio Etxeberriak jokatuko dute elkarren aurka, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Igandean, Altuna III.a eta Ezkurdiaren txanda izango da, Gasteizko Ogeta pilotalekuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!