Estimulazio kognitiboko tailerra egingo du Afagi elkarteak Tolosan

Ataria 2021eko urriaren 22a

Alzheimerra edo beste dementziaren bat hasierako fasean duten pertsonei zuzenduta estimulazio kognitiboko tailerra astearte eta ostegunetan izango da, Harizpe elkartean.

Alzheimerra edo beste dementziaren bat duten pertsonen, senideen eta lagunen Gipuzkoako elkarteak (Afagi), Alzheimerra edo beste dementziaren bat hasierako fasean duten pertsonei zuzenduta estimulazio kognitiboko tailerra egingo du Tolosan. Eskualdeko mailako tailerra izango da, eta Harizpe Gizarte Zentroan eskainiko dute.

Elkartearen helburua gaixoen eta hain familien bizi-kalitatea hobetzea da. Parte hartzaileek kontserbatutako funtzio kognitiboak estimulatu, ukituta dituztenak landu eta gaitasun funtzionala landu ahal izango dituzte, beraien autonomia ahalik eta gehien luzatzeko. 

Horrez gain, funtzio kognitiboak (oroimena, lengoaia, arreta, orientazioa…), eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak (garbiketa pertsonala, elikadura…), jarduera instrumentalak (diruaren erabilera, telefonoaren erabilera…) eta gizarte-harremanak indartzeko eta mantentzeko ekintzak egingo dituzte.

Tailerrak hamar hilabeteko iraupena du, eta astearte eta ostegunetan izango da, 11:00etatik 12:30era. Interesa dutenek, izena eman aurretik, elkarteko profesionalekin hitzordua eskatu behar dute afagi@afagi.eus helbidera idatzita edo 943 297 118 telefonora deituz. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!