Hamar onenen artean sartzeko asmoz

Imanol Garcia Landa 2021ko urr. 21a, 11:57

Unai Regillaga eta Unai Saralegi, Usabal kiroldegian.

Unai Saralegi eta Unai Regillaga judokek lehen aldiz parte hartuko dute kata modalitateko Munduko Txapelketan. Lehia datorren astean izango da, Lisboan.

Europako Txapelketan bigarren egin ondoren, oraingoan Munduko Txapelketan parte hartuko dute Unai Saralegi tolosarrak eta Unai Saralegi amezketarrak. Hilaren 26an, datorren asteartean, egingo dute kata modalitateko judo txapelketa, Lisboan. «Gure modalitatean Olinpiar Jokorik ez dagoenez, guretzako dagoen txapelketa garrantzitsuena da», esan du Saralegik. «Urduritasun puntu batekin goaz, guretzako beste pauso bat delako, baina ondo entrenatu dugu, eta kontentu gaude orain arte egin dugun prestaketarekin».

Bi judokentzako Munduko Txapelketan parte hartzen duten lehen aldia izango da. Dagoeneko prestaketaren zati nagusiena egina dute, eta azken egun hauetan «burua ahal den egokien mantendu, urduritasunari eutsiz», ari direla esan du Regillagak. «Azkeneko xehetasunak zehaztea tokatzen da. Baina lana egina dago, eta orain txapelketan bertan zentratzea tokatzen da. Askoz gehiago ezin da egin».

Guztira 26 bikote lehiatuko dira. Europako Txapelketa pasa zela pentsatu behar dela esan du Saralegik: «Hor emaitza ona lortu genuen, baina hemen beti lanean jarraitu behar da eta aurkariek ere horixe egiten dute. Munduko Txapelketa honetan inoiz egon den parte hartzaile kopuru handiena izango da eta zaila izango da goiko postuetara gerturatzea, baina gure ustez ondo egin ditugu azken entrenamendu saioak, orain dela aste pare bat Frantziako selekziokoekin egon ginen entrenatzen eta nahiko itxura ona eman genuen. Ilusioarekin goaz eta ea lehen hamar postuen barruan sartzeko aukera dugun. Urteko helburua bete dugu, eta hori lortzea helburua biderkatzea litzateke».

Regillagarentzat lehen parte hartzea izan zen Europako Txapelketan eta bigarren postua lortzea «amets bat betetzea» izan zen berarentzat. «Esan zigutenean Munduko Txapelketara joango ginela, izugarria izan zen, ezin sinetsita nengoen. Orain saiatu behar gara gure onena ematen eta ea lehen hamarretan sartzen garen».

Europako selekzioen artean aurkari nagusiak Italia, Alemania eta Frantzia izan ohi dira. Bestalde, arte martzialetan Asiako herrialde guztiek tradizioa dute eta indartsuak dira, judoa sortu zen Japonia buru izanik. Horrez gain, Kolonbia eta Brasil kontuan hartzekoak dira, aurreko Munduko Txapelketan dominak lortu zituzten judokak dituztelako. Aurkari indartsu asko izango dituzte, beraz.

Europako Txapelketa bukatu ondoren, berez ez zuten espero Mundukora joango zirela. Espainiako selekzioak aukeraketa egin zuen eta irailaren hasieran jakin zuten hautatuak izan zirela. Txapelketa astean zehar izanik, Saralegik lanean eta Regillagak unibertsitatean baimenak eskatu behar izan dituzte. Autoz egingo dute bidaia, eta egin beharreko lana errepasatzeko baliatuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!