ELKARRIZKETA

"Produktu 'mainstream'ak egiten dira gehienbat"

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Arrastoa 2021eko urriaren 24a

Txikitatik argi izan zuen zinema zuzendari bilakatuko zela Iñigo Sbeltza (1983, Zumarraga), baina 28 urterekin ausartu zen zinema-ikasketak egitera Madrilera joatea. Makina bat bideoklip zuzendu ditu musika talde ezberdinentzat, tartean Hesian eta Txapelpunk, eta errealizadore gisa ere aritu da lanean telebistan. Gaur, ETBko Chiloe programa grabatzen dabilela harrapatu dugu.

Nola lortzen dituzu baliabide ekonomikoak zure lanak ekoizteko?

Bideoklipen kasuan, enkargu bat denez, nik ez dut dirurik jartzen. Film laburrei dagokienez, mesedeak eskatuz… nazkatzen zaren arte. Jendeari ondo ordaindu nahi diot bere lanagatik, baina zaila da. Zure lanen bat jaialdietara bidali nahi baduzu langileak kontratatuak izatea exijitzen dizute.

Diru laguntzarik sekula eskatu duzu?

Momentuz ez, baina egingo dut. Oraingoz, ekoiztetxe bati saldu nahi diodan film labur bat dut eskuartean.

Plataforma batek zure lanen bat ekoitziko balu, kalitate artistikoa handitzearen sinonimoa litzateke?

Ez du zertan. Bada esaldi bat zera dioena: «Mundu guztiak ezagutzeak ospea ematen dizu, inporta dutenek ezagutzeak prestigioa». Adibidez, Netflixek eskaintzen dituen produktu asko oso mainstream dira eta zeure buruari galdetzen diozu nola iritsi den fikzio hori plataforma horretara. Hori bai, bertan lana egiteko aukera banu zalantzarik gabe egingo nuke.

Beraz, plataforma baten presentziak bultzada emango lioke zure lanari.

Noski, nazioarteko mailan kokatzen zaitu. Badut lagun bat Filmin plataforman hiru film dituena, baina estilo oso independentea dute eta ez dakit bertatik bizitzeko nahikoa diru bereganatzen duen.

Plataformen agerpenak nolako eragina izan du zinemagintzan?

Zinema prostituitu egin dela iruditzen zait. Produktu mainstreamak egiten dira gehienbat, saltzeko pentsatuta daudenak eta lan asko egin nahi baduzu horrelako zerbait egin beharra daukazu. Zinema independenteak badu bere bidea, baina laburragoa dela iruditzen zait.

Non ikus ditzakegu zure lanak?

Vimeo plataforman dauzkat lan gehienak.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!