Hezkuntza sail eta ordezkaritzetatik inposatutako protokolo bortitz hauek pixkanaka lasaitu eta desagertzeko neurri zehatzak proposatu ditugu: tartean, maskararen erabilera boluntarioa izatea eta distantzia sozialik ez eragitea, adibidez.
Maskararen erabilerak geroz eta kezka handiagoa sortzen duela nabarmena da azken asteetan, eta ez da harritzekoa, haurrek helduek baino hiru aldiz oxigeno gehiago kontsumitzen baitute. Oxigeno faltak garunaren garapena eragozteaz gain, kalte itzulezinak eragiten ditu, eta hortik dator galdera: zer ondorio izango ote ditu epe luzera, gure haurrei egunero arnasa kentzeak? Eta nor izango da kalte horren erantzule?
Ikasturte berri honetan, gure agintariek ausardiaz jokatu eta beste herrialde batzuetan gertatzen ari denari erreparatzen badiote, ohartuko dira Ipar Euskal Herrian urriaren 4tik aurrera Lehen Hezkuntzako haurrek ez dutela maskara erabiltzen. Danimarka, Estonia, Finlandia, Erresuma Batua (Eskozian ezin), Hungaria, Norvegia, Belgika, Herbehereak, Luxenburgo eta Suedian ere ez da beharrezkoa maskara eskoletan. Alemanian, 12 urtetik aurrera agintzen dute.
Dagoeneko 3.200 sinadura batu ditugu, horregatik dei egin nahi dugu azken txanpa honetan Bizitza.eus webgunean sinatu eta urriaren 22an, bihar, Hezkuntza sail eta ordezkaritzetara egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko, Gasteiz, Bilbo, Iruñea eta Donostian, eskoletan arnastu nahi dugula ozen esateko!
Arantxa Lasa, Lurdes Larreta, Garikoitz Ibarluzea, Izaskun Zuartegi eta Ane Maite Irazu, Bizitza plataformaren izenean.