Hiru finantza erakundek euskara lehenetsiko dute

Ataria 2021ko urr. 20a, 19:30

Hiru finantza erakundeetako, Uemako eta udaletako ordezkariak, Bergaran hitzarmena aurkezteko gaur eginiko ekitaldian.

Uemak, Laboral Kutxak, Kutxabankek eta Bankoak, udalerri euskaldunetako 44 alkaterekin batera hitzarmena sinatu dute.

Finantza alorrean euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena sinatu eta aurkeztu dute Uemak, Laboral Kutxak, Kutxabankek eta Bankoa Abancak, udalerri euskaldunetako 44 alkaterekin batera. Hizkuntza irizpideak adostu dituzte Uemarekin, eta udalerri euskaldunetan dituzten bulegoetan euskara lehenetsiko dute hiru finantza erakundeek.

2016an lehen aldiz sinatu zuten hitzarmena Kutxabankek eta Laboral Kutxak Uemarekin, eta 30 udalek egin zuten bat hitzarmenarekin. Bost urte geroago, hitzarmena eguneratu eta Bankoa ere gehitu da hitzarmenera, hiru finantza erakundeek bulegoak dituzten 44 herrietako udalekin batera.

Uemako lehendakari Iraitz Lazkanok eskerrak eman dizkie hitzarmena sinatu duten guztiei, ekimenaren garrantzia ulertzeagatik eta hitzarmenarekin bat egiteagatik: «Uemarekin eta 44 udalerri euskaldunekin hitzarmena sinatzen duten hiru finantza erakunde hauek argi dute kalitatearen funtsezko osagaia dela bezeroak harremanetarako hizkuntza hautatu ahal izatea. Hori bermatzeko neurriak hartu eta berretsi dituzte hitzarmen honetan, eta bulegoak udalerri euskaldunetan dituztela ulertuta eta udalerri euskaldunek euskarari egiten dioten ekarpena aintzat hartuta, bulego horietan euskara lehenesteko konpromisoa ere hartu dute».

Laboral Kutxaren izenean, Nuria Agirre Gestio Sozialeko zuzendariak adierazi duenez, duela 23 urte Uemarekin elkarlanean hasi zirenetik asko aldatu dira erronkak zein bezeroarekiko harremanak, baina kalitateari eusteko «ezinbestekoa» zaie euskaldunei zerbitzua euskaraz eskaintzea: «Egoera eta testuingurua asko aldatu da, baina Laboral Kutxak ohiko filosofiari eutsi nahi dio hitzarmenaren bitartez, bezeroei eta, oro har, gizarteari kalitatezko zerbitzua emanez, euskaldunei zerbitzua euskaraz eskainiz».

Kutxabankeko Eduardo Ruiz de Gordejuelak, berriz, 2016an sinatu zutela Uemarekin lehen aldiz hitzarmena eta ordukoak bezala oraingoak ere helburu argia duela adierazi du: «Finantza entitatearekiko harremanetan euskara gehiago erabiltzea, betiere bezeroaren hizkuntza eskubideak bermaturik».

Laboral Kutxarekin eta Kutxabankekin 2016an sinatutako hitzarmena eguneratzeaz gain, hirugarren finantza erakunde bat ere gehitu da orain hitzarmen berrira: Bankoa. Ana Urkiza Bankoako Euskara Koordinatzaileak adierazi du «Bankoa Abancarentzat «pozgarria» dela hitzarmenaren sinatzaileetako bat izatea: «Erronka berri baten aurrean aurkitzen gara. 2008. urtetik aurrera, bezero guztiei zerbitzua euskaraz eskaintzeko egiten ari garen ahaleginaz gain, hitzarmen honek beste urrats bikoitz bat ematea dakar guretzat».

Hitzarmenaren aurkezpen ekitaldian Uemak gogoratu du bi hizkuntza ofizialen artean desorekan dagoen hizkuntza ahula euskara dela, eta beraz, hori lehenesteko neurriak hartzea ezinbestekoa dela, «euskara zabaltzeko eta sendotzeko asmoz, beti ere, bezeroek euskaraz ahoz eta idatziz jarduteko duten eskubidea modu argi eta garbian aitortuz». 
Bergaran gaur egin duten ekitaldian ere izan dira hitzarmenean parte hartzen duten Tolosaldeko udaletako ordezkariak.

 

HITZARMENA
Gakoak
Harremanak. Udalen eta finantza entitatearen arteko harremanak euskaraz izango dira.
Hizkuntza irizpideak. Bulegoetan euskararen presentzia bermatuko da herritarrekiko harremanetan.
Langileak. Gai izango dira edozein lan euskaraz egiteko eta langileen artean euskararen erabilera sustatzeko ahalegina egingo da.
Banka elektronikoa. Euskara lehenesteko neurriak hartuko dira, webgunean zein aplikazioetan.
Hedapena. Udalek hitzarmenaren edukiaren berri emango diete herritarrei. 
Jarraipen batzordea. Hitzarmena eraginkorra izan dadin, jarraipen batzordea osatuko dute.
Indarraldia. Lau urte  iraungo du.


Eskualdeko hitzarmenak
Laboral Kutxarekin, Kutxabankekin, Bankoarekin eta Uemarekin. Tolosa.
Laboral Kutxarekin, Kutxabankekin eta Uemarekin. Amasa-Villabona.
Kutxabankekin eta Uemarekin. Alegia, Amezketa, Anoeta, Berastegi eta Lizartza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!