Bizilagunak egitasmoa bueltatuko da azaroaren 14an

Ataria 2021eko urriaren 21a

Bizilagunak egitasmoko artxiboko irudia.

Bertako eta atzerritik eskualdera iritsitako migratzaileen familia bana aurrez aurre jartzeko egitasmoa da Bizilagunak, eta pandemia dela eta bertan behera utzi eta gero, azaroaren 14an egingo dute berriz ere. Egitasmoan parte hartzeko izen ematea ireki dute jada.

2019an egin zuten azken aldiz Bizilagunak. Normalean bi familia elkartzen dira, bertakoa bata eta atzerritik eskualdera iritsitakoa bestea, eta elkarrekin bazkaltzen dute etxeetako batean. Aurten ordea, kanpoan egiteko aukera zabaldu dute eta parke, atsedengune edo berdegune batean egin ahal izango da hitzordua.

Bizilagunak egitasmoak kulturak, zaporeak, ezagutzak eta esperientziak partekatzeko aukera ematen du. "Egun horretan Euskal Herriko herri askotan mahaiaren bueltan bazkaltzeko biltzen dira familiak, dinamizatzaile baten laguntzaz, elkar ezagutzeko eta esperientziak partekatzeko. Modu horretara, kultur aniztasuna bultzatzea, eta aurreiritzi eta estereotipoak gainditzen laguntzea da helburua. Ez hori bakarrik: beste herrialde batzuetako gastronomia ezagutzeko aukera paregabea ere bada", esan du Tolosaldea Garatzenek.

Bazkariak azaroaren 14an izango dira eta familia gisa edo dinamizatzaile bezala hartu daiteke parte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!