Elkarrizketa

«Presoei  lege arrunta ezartzea eskatzen dugu»

Rebeka Calvo Gonzalez 2021ko urr. 21a, 11:59
Nagore Esnaola Uitzi eta Joseba Egues Gurrutxaga.

Espetxe politikaren aldaketa «sendotzeko» hitzordua jarri du Sarek larunbaterako eta manifestazioa egingo du Donostian. Nagore Esnaola Uitzik bikotea du espetxean eta Joseba Egues Gurrutxagak arreba. Biek uste dute preso guztiak Euskal Herrian daudenean bukatuko dela sakabanaketa politika. 

Nagore Esnaola Uitzik (Leaburu-Txarama, 1983) eta Joseba Egues Gurrutxagak (Elduain, 1970) euskal presoen etxeratzea «indartsu» aldarrikatzeko garaia dela diote, eta horregatik dela garrantzitsua Sarek larunbaterako deitu duen manifestazioan parte hartzea. 

Esnaola Uitzi Garikoitz Etxeberria Goikoetxearen bikotea da eta ondo daki sakabanaketak eta bakartzeak dituen ondorioak. Bikotea Palentziako Dueñas espetxean dago orain, etxetik 300 kilometrora, eta 11 urte pasa ditu Sevillan, isolamenduan.

Ana Belen Egues Gurrutxaga preso elduaindarraren anaia da Joseba. Asturiasko Villabona espetxean dago egun, etxetik 400 kilometrora, eta azken 10 urteetan Kordoban (Andaluzia) egon da, bakarrik eta bakartuta. Bizkarreko ebakuntza larria egin zioten eta irailean aita hil zitzaion, bost urtez ikusi gabe egon ondoren.

Azken hilabeteetan tantaka-tantaka presoen hurbilketei buruzko albisteak iristen ari dira, baina zein da egoera une honetan? 
Nagore Esnaola Uitzi. Pauso batzuk eman dira, baina oraindik ere luzea da egin beharreko bidea, eta oztopo ugari eta garrantzitsuak aurkituko ditugula jakina da, baina gu guztion esfortzuari esker gainditu ahal izango ditugu.
Joseba Egues Gurrutxaga. Gaur egun, presoen gehiengoa bigarren graduan dago. Hori, gerturatzeekin batera, aurrera pausotzat hartzen dugu, baina zoritxarrez, oraindik salbuespenezko legedia ezartzen zaie. Lege arrunta ezartzea eskatzen dugu beste presoei bezala.
Esnaola Uitzi. Gaur egun 197 euskal preso politiko daude. Horietatik 63 Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko hiru espetxeetan: 15 Basaurin, 15 Martutenen, 26 Zaballan, 2 Zaballaren mendeko ospitaleetan eta 5 gehiago daude etxean preso. Horietatik 8 bakarrik daude hirugarren graduan. Gainerakoek, prebentziozko 2 espetxeratuk izan ezik, zigorraren hiru laurdenak gainditu ondoren irteera baimenak izan beharko lituzkete. Ulertezina den arren, preso bat geratzen da lehen graduan.

Luzatzen ari den afera dela dio Sarek eta oraindik ere korapiloak askatu behar direla.
Egues Gurrutxaga. Giza eskubideak urratzen dituen salbuespen politika ez da amaitu. Bigarren graduan egonik, euskal preso gehienek irteera baimenak izateko legezko baldintza guztiak betetzen dituzte: zigorraren hiru laurdena beteta izatea eta jarrera egokia izatea. Hori horrela izanik ere, Euskal Herri inguruan dauden espetxeetako Tratamendu Batzordeen oztopoak izaten ditugu eta eremu judizialean ere izaten ditugu arazoak, irteera baimenak ematearen aurka azaldu baitira.
Esnaola Uitzi. Eta emakume presotaz hitz egiten badugu beraien baldintzak okerragoak dira. Estatu frantsesean hiru espetxetan sakabanatuta daude, Euskal Herritik urrun.

‘Ibilian-Ibilian etxerako bidean’ da manifestazioaren leloa; gertuago egonagatik ere, Euskal Herrian behar dutela aldarrikatuko duzue, beraz.
Egues Gurrutxaga. Momentu hau oso garrantzitsua da, herritar guztiak etxetik atera eta denok batera euskal presoen etxeratzea indartsu aldarrikatzeko garaia da eta horixe eskatu nahi diegu herritar guztiei; larunbatean denok kalera atera behar dugu eta Donostia txiki utzi behar dugu.
Esnaola Uitzi. Kaleak hartu behar ditugu berriro. Oso argi daukagu bulegoetako aldarrikapenak kalean presentzia aktiboa izatearekin uztartu behar ditugula. Ez delako ezer amaitu Andaluziako espetxeetatik hurbilago dauden espetxeetara aldatzearekin. Urruntze eta sakabanatze politika ez delako amaitu. Preso guztiak Euskal Herrian daudenean bukatuko da sakabanaketa politika.

Zer eskatzen diozue ardura dutenei, eta zer gizarteari?
Esnaola Uitzi. Hiru hamarkada daramatzagu Espainiako eta Frantziako estatuek, gobernuek, auzitegiek eta espetxeek aplikatutako salbuespenezko politikekin eta neurriekin. Izugarria da.  Indarkeria zikloa amaitu eta hamar urte pasa dira, denbora gehiegi igaro da eta bada garaia gure senideek gizarteratzeko eta askatasunerako bidea oztopatzen duen salbuespenezko erregimena desaktibatzeko.
Egues Gurrutxaga. Horren ardura dutenei, denbora gehiago pasatzen ez uzteko eskatzen diegu. Gizarteari esan behar diogu salbuespenezko espetxe politikak urte luze hauetan zuzenean eta zeharka heriotza eta sufrimendu latza eragin duela eta guzti honekin bukatzeko unea iritsi dela. Guzti honen arduradunengan eragin behar dugu, momentu garrantzitsu honetan aktiboki parte hartu dezaten.

Presoen senideak zarete biak, nola bizi duzue ematen ari diren aurrerapausoak?
Esnaola Uitzi. Aurrerapausoak egon dira batzuetan, baina beste batzuetan blokeoak ere egon dira. 
Egues Gurrutxaga. COVID-19aren egoera baliatu dute presoek dituzten eskubideak murrizteko. Bisean bisekoak kendu  zituzten. Handik hilabete batzutara batzuk berreskuratu zituzten, baina bisean bisekoa izan ondoren 14 egunez konfinatuta egon behar izan dute. Egoera oso zaila izan da. Batzuetan informaziorik ere ez geneukan eta ez genekien nola aurkitzen ziren gure senitartekoek. Benetan gogorra izan da. 

Eskubide urraketak amaitzeko 

Sarek deitu du larunbateko manifestazioa; 17:00etan aterako da Donostiako Antiguako tuneletik eta Bulebarrean amaituko da, besteak beste, Gatibu taldearen emanaldia izango da. Sarek esan du Kataluniako presoen ordezkaritza bat egongo dela manifestazioan. Deialdiarekin espetxe politikaren aldaketa eta eskubide urraketa guztiei irtenbidea emateko eskatuko dute, egoera ezin delako gehiago luzatu Sareren hitzetan: «Bizikidetza lortzeko ezinbestekoa da konfrontazioz eta sufrimenduz lotutako kapitulu hau ixtea».  ETAk jardun armatua eten zueneko hamargarren urteurrena bete den honetan plataformak uste du «aukera paregabea» zabaldu dela bizikidetzan eta bakean aurrera egiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!