Hernialdeko Rolleski Igoera 20. aldira iritsiko da aurten

Tolosaldeko Ataria 2021ko urr. 20a, 11:58

Alpino Uzturre klubak antolatzen duen proba larunbat arratsaldean egingo dute, eta ohi bezala, skating edo klasiko eran lehiatzeko aukera izango dute kirolariek.

Aurten posible izan da Hernialdeko Rolleski Igoera antolatzea. Zeregin horretan aritzen da Alpino Uzturre kluba eta aurtengoan 20. aldia izango du probak. «Oraindik horrelako proba oso gutxi antolatu dira, baina nolabait hasi behar zela eta pausoa ematea erabaki dugu», esan du Xanti Saizar antolakuntzako kideak.

Larunbat honetan, hilaren 23an, egingo dute proba eta helduen mailan ohi bezala bi modalitate izango ditu. 16:00etan emango zaio irteera skating estiloan Tolosako Belate auzotik, eta 16:05ean hasiko da estilo klasikoan Hernialdeko Bentatik. Bien helmuga Hernialdeko plazan izango da. Bestalde, txikien irteera 16:10ean izango da, Hernialdeko errepidean dagoen Anoetarako bidegurutzean.

Parte hartzaile ugari izaten ditu probak, eta Euskal Herri kanpotik ere etortzen dira rolleskilariak. Halere, aurtengoan parte hartzaile gutxiago izatea aurreikusten dute antolatzaileek. «COVID-19a dela eta, pixka bat motelago dago dena, baina bestela iraupen eskian aritzen diren hainbat eremuetatik etorri ohi dira: Kataluniatik etorri izan dira noizbait, Madrildik eta Aragoitik ere, eta zenbaitetan Asturias aldetik ere bai», esan du Saizarrek. «Bestalde, Nafarroatik eta Gipuzkoatik etortzen dira». Izan ere rolleskian aritzen direnak neguan iraupen eskian edo mendi eskian lehiatzen direnak izan ohi dira.

Izen ematea doan da eta hainbat modu daude horretarako: telefonoz 685 776 504 zenbakira deituz (arratsaldez), posta elektronikoaren bidez uzturre@hotmail.es edota info@alpinouzturre.eus helbideetara idatziz, eta Internetez Alpinouzturre.eus webgunean sartuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!