Ekoizpen kolektiborantz

Lurtaro elkartea sortu dute Tolosaldean elikadura burujabetza bultzatzeko; luze hausnartu eta gero, proposamen praktiko bat landu dute eta proposamen hori gizarteratzen ariko dira datozen asteetan

Aro berri bati ekin nahi diote Tolosaldean, elikadura osasuntsua, ekoizpen eredu duinak eta lantzen den lurrarekiko errespetua ardatz izango dituena: Lurtaro. Izen hori hartu du elikadura burujabetza bultzatzeko 2019ko uztailetik eskualdean lanean ari den elkarteak. Ekoizleek, kontsumitzaileek edota herri mugimenduetako kideek, askotariko pertsonek osatu dute bederatzi laguneko taldea eta elikadura kateaz bere osotasunean hausnartzeko aukera izan dute bi urteko prozesuan. Ez dira, soilik, maila teorikoan geratu praktikara eramateko proposamen bikoitza landu dute: Tokiko elikadura ardatz izango duen denda-kooperatiba bat sortzea; eta Tolosaldeko elikadura burujabetza bultzatzeko elikagaien ekoizpen kolektiboa sustatzea. Eskualdeko herritarrekin partekatu nahi dute orain proposamena eta lehen aurkezpena bihar egingo dute Anoetan, Mikelasagasti auditorioan, 18:30etan hasita.

Elikadura katea beste modu batean antolatzea ahalbidetuko duten proiektu zehatz eta praktikoak martxan jartzeko sortu dute Lurtaro elkartea. «Badakigu horrelako egitasmoak sortzen direnean maiz eztabaidarako eremu hutsean geratzen direla, baina aurrean ditugun erronkek ordea, ekitea eskatzen dute, ekimenak martxan jartzea eta balore hauetan gizartea heztea», esan dute taldekideek. Premia nabari da kideen hitzetan: «Krisi sakon batean murgilduta dago elikadura katea eta ereduak agortuta daudela ikusten dugu. Ekoizten dugunaren eta ondorioz jaten dugunaren kontrola ez dago gure esku. Elikaduraren barruan egon litezkeen arazoak elkarri lotuta daude eta beraz arazo horiei erantzun integrala eman behar zaiela uste dugu. Osoa den arazoari, osotasunetik erantzun nahi diogu».

Ekoizpena eta kontsumoa bi alor ezberdin balira bezala ulertu da, eta eten hori josten jardun nahi du Lurtarok. «Kontsumoa soilik antolatuta argi dugu ez goazela inora. Eskualdeko ekoizpena urrun dago kontsumo beharrak asetzetik eta etorkizunean ekoizpena handitu nahi badugu beste giltzarri batzuekin handitu beharko dugu. Orain arte ezagutu ditugun ekoizpen moduak agortzen ari direla uste dugu. Zein etorkizun dute familian kudeatzen diren baserriek? Edota eskakizun geroz eta gogorragoei erantzunez eredu industriala jarraituz antolatzen direnek? Uste dugu ekoizpena merkatuaren lehiakortasunetik atera eta modu antolatuan eta elkarren arteko sareak sortuz hastea dela gainbehera honi iskin egiteko modua».

Hutsetik abiatu gabe, hainbat puntu indartu eta beste zenbait eraldatzeko borondatez osatu du Lurtarok proposamena. Horretarako agroekologia hartu dute oinarri, «elikadura eredutik garatu daitekeen herri ereduaz ari garelako; hautu politiko bat ere bada elikadura eta bide ematen digu lurralde antolamenduaz, gizarte kohesioaz edota ekologiaz hitz egiteko». Hain zuzen, ekoizpenaren dimentsio ekologikoaz gainera, sozio-kulturala, ekonomikoa, politikoa eta pertsonala hartu dituzte kontuan proiektua taxutzerako orduan: «Garrantzitsua iruditzen zaigu ekoizpenen dibertsitatea, ziklo naturalak zaintzea eta tokiko lurraldeari eta eskaerei egokitutako ekoizpenak lantzea. Baina guretzat hori bezain garrantzitsua da genero, jatorri edo belaunaldi ezberdinetako jendeek irisgarritasun parekidea izatea natura baliabideekiko».

Lurtaroko kideek Talaios Kooperatibaren laguntza izan dute hilabete hauetan, eztabaidak bideratu eta edukiak ordenatzeko. «Ekoizpenak dibertsifikatua, herriko beharretara egokitua eta jasangarria behar zuela adostu genuen gure artean eta horrek ekonomia sozial eraldatzailearen oinarrietara eraman gintuen berehala. Agroekologiarekin batera, landu dugun proposamenaren beste zutabeetako bat da». KoopFabrikako formakuntza saioetan ere parte hartu dute kideek eta ondorioz, Lakari kooperatibako kide bat izan dute prozesuan bidelagun. «Eskualdez eskualde horrelako proiektuak sortzen ari dira azkenaldian eta zorionez ikusten dugu tokiko elikadura ekosistemak indartu eta sustatuz doazela».

GEHIAGO EKOITZI BEHARRA

Euskal Herrian kontsumitzen diren elikagaien %10 baino ez da ekoizten bertan. Azkenaldian sortzen ari diren kooperatibek egoera horri buelta eman nahi diote. Eskualdean ere, beharrezko ditugun elikagaiak bertan ekoiztetik urrun gaude eta helburu hori lortu bitartean, kooperatiba hauen saretzearen alde agertu dira elkarteko kideak. «Gure helburua Tolosaldeko elikadura beharrak asetzea da, horretarako ekoizpena modu duin, ekologiko eta kolektiboan antolatuz. Herritarrei elikadura osasuntsua eskura jartzea da asmoa eta ekoizpena indartzea».

Kontsumoaz gain, ekoizpenaren antolaketa kooperatiboa jarri du mahai gainean Lurtarok landu duen proposamenean: planifikazioa eta elkarlana. «Beste molde batzuk lantzeko garaia dela uste dugu. Ekoizleen arteko komunikazioa erraztu eta eskualdeari eskainiko diotena adostu daiteke. Gauden egoeran, bakarka nekez animatuko da ekoizle berri bat langintza honetan hastera. Alternatibak bestelakoa behar du. Ekoizleari ekoizten duen horrek irteera bat izango duela bermatzen badiogu errazago hasiko da jarduerarekin. Indarra ekoizpen hori antolatzen eta kolektibizatzen jarri behar dugu. Momentu honetan oso-oso gutxi ekoizten da eskualdean, eta daudenek oso gaitasun txikia dute gehiago produzitzeko. Gure konpromisoa kolektiboa da, dauden ekoizle horiek saretzea eta ahal dela gehiago erakartzea. Hasteko, ordea, baldintza egokiak beharko dituzte eta uste dugu kooperatiba batek eman diezaiekeela aukera».

Praktikan, ekoizleak mahai baten bueltan antolatzea proposatu dute Lurtarokoek. «Egunero euren lana zailtzen duten arazo horiei modu kolektiboan nola erantzun aztertu ahal izango dute bertan. Kooperatibako gainerako kideok ere erraztu dezakegu bide hori, bitartekari lanak eginez, lur bila dabilen ekoizlea lur-jabe batekin harremanetan jarriz, adibidez».

Kooperatiba integrala sortzea dute buruan eta ekoizleekin batera, kontsumitzaileek, herritarrek, eskualdeko eragileek eta tokiko erakundeek parte hartzea. «Ikuspegi zabala eta partaidetza zabala duen kooperatiba bat izatea da aurreikusten duguna, baina hori hastera goazen sozializazio prozesuaren emaitza izango da, orain ehuntzen hasiko garen harreman sarearen ondorio».


KULTURA ALDAKETA

Norabide berean arraun egiteko beharra azpimarratu dute Lurtaroko kideek eta horretarako bide berriak jorratzea proposatzen dute. «Orain arte, baserria eta kalea aparteko bi mundu bezala ikusi dira. Ekoizleek ere, bere gisara jardun dute modu independentean. Guk kooperatibako kide eta kooperatibarentzat ekoizten ikusten ditugu proiektu honetan, berdinetik berdinera. Gero ekoizle profesionalak diren edo ez? Eztabaida antzua iruditzen zaigu, eskualde honek behar duena da elikadura ekoizten hastea. Gabezia ikaragarria dago, 49.000 biztanle gara eta ia ez da ezer ekoizten hemen».

Balizko kooperatiba, gainera, ez litzateke etorriko inoren lekua okupatzera. «Baserritarrei beste aukera bat eskaini nahi diegu, segi dezakete azoketara joaten edo kontsumo taldeentzat saskiak prestatzen. Guk beste aukera bat zabaldu nahi diegu kooperatibarekin».

Horretarako, tokiko elikadura ardatz izango duen denda-kooperatiba, biltoki, «edo logistika gune bat» irudikatzen dute Lurtarokoek. «Tokiko elikadura osasuntsua antolatuko duen gunea izango da, kontsumitzaileen erreferentzia gunea. Supermerkatuen eredutik harago, eskualdeko denda txikiak, nahiz zenbait tokitan sortu diren ekonomatuak hornitzeko gune bat izango da, biltoki gisa funtzionatuko duen gune partekatua». Tokikotasuna, gertutasuna, lurrarekiko harremana, kalitatea, pertsonen zaintza, zero zabor filosofia edota euskara dira, besteak beste, denda-kooperatiba hori ardaztuko duten gidalerroak. «Ez dugu gourmet edo delicatessen produktuen saltoki bat bezala irudikatzen, horrelakoak egon behar badute egongo dira, baina egunero kontsumitzen diren produktuetan jarri nahi dugu indarra».

Hemendik aurrera eta urtea amaitu bitartean proiektuaren sozializazioan jardungo dute Lurtarokoek. Izan dituzte lehenengo harremanak erakundeekin eta orain aurkezpen herritarrak egingo dituzte eskualdeko herrietan. «Orain arteko prozesua oso herritarra izan da eta izaera horri eutsiko diogu. Kooperatiba sortuko bada, izango da indar metaketa baten emaitza. Oinarri zabala behar du gisa honetako proiektu batek».

Bihar egingo dute Anoetan lehen aurkezpena. Hemendik aurrera eskualdean egingo diren azoketan eskuorriak banatu eta herritarren datuak bilduko dituzte. Herriz herri egingo diren aurkezpenetara gonbidatu eta proiektua azaldu ondoren, urtarriletik aurrera dute bazkidetza kanpainarekin hasteko asmoa. Azken urteetan antolatutako kontsumo kooperatibak sortu dira Euskal Herrian, baina Lurtaroren proposamenak buelta berri bat ematen dio ereduari: «Tokiko elikadura osasuntsu baten aldeko apustua egiten dugunez, ekoizpenetik eraikitako proiektua izan behar duela uste dugu, ekoizpenetik abiatuz elikadura kate osoan eragingo duena». Lurraren aroa hasi besterik ez da egin, elikadura burujabetzaren aldeko borroka luzea baina emankorra izatea espero dute Lurtaroko kideek.

GAKOAK

1- Planifikazioa eta elkarlana. Kooperatibarentzat egindako ekoizpenak lehenetsiko dira.

2- Gertutasuna. Ezagutza eta kontrola errazteko, ekoizpena ahalik eta gertukoena izango da.

3- Tokikotasuna. Euskal Herritik kanpoko elikagaiei baiezkoa ematen bazaie, oinarrizko produktuak soilik izango dira.

4- Lurrarekiko harremana. Errespetuzkoa eta agroekologiaren oinarriekin bat.

5- Kalitatea Lantaldeak kalitatearen jarraipena egingo du.

6- Pertsonen zaintza. Ekoizpen katean parte hartzen duten pertsonen duintasuna bermatuko da. Ikuspegi feminista garatuko da eta pertsona arrazializatuen duintasuna bermatuko da.

7- Zero zabor. Ahalik eta hondakin gutxien sortuko da eta birziklatutako materiala erabiliko da.

8- Prezioaren duintasuna. Prezioa ekoizpenaren trazabilitateari egokitua eta duina izango da, bai ekoizlearentzat bai eroslearentzat.

9- Euskara. Etiketen hizkuntzan, fakturetan eta bestelakoetan lehentasunezkoa izango da euskara.

10- Txikitasuna. Lehentasuna izango dute ekoizle txikiek, enpresa handien aurrean.

11- Kolektibotasuna. Horretarako prestutasuna dutenak edo jada antolatuta dauden ekoizleak lehenetsiko dira.

AURKEZPENAK

Anoeta. Urriaren 21ean, Mikelasagasti auditorioan, 18:30ean egingo dute aurkezpena.

Villabona. Urriaren 31ko azokan informazio postua jarriko du Lurtarok eta aurkezpena azaroaren 3an egingo du.

Berastegi. Azaroaren 7ko azokan informazio postua jarriko dute Lurtaroko kideek.

Baliarrain. Azaroaren 11n, 19:00etan egingo dute aurkezpena.

Alkiza. Azaroaren 12an egingo dute aurkezpena, tokia eta ordua zehazteke daude.

Aduna. Azaroaren 17an kultur aretoan, 19:00etan egingo dute saioa.

Larraul. Azaroaren 23an Antton Amonarriz kultur etxean 19:00etan aurkeztuko dute ekimena.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!