Lau eta Erdiko Txapelketatik kanpo geratu da Erik Jaka

Ataria 2021eko urriaren 18a

Unai Laso, urdinez, eta Erik Jaka, gaur jokatu duten Beotibar frontoiko partidan.

Unai Lasoren aurka 8-22 galdu du Beotibar frontoian eta lizartzarrak ez du aukerarik finalerdietara pasatzeko.

Lau eta Erdiko Txapelketaren bigarren jardunaldiari amaiera eman zaio gaur Tolosako Beotibar pilotalekuan, eta Erik Jaka lizartzarrari aukera guztiek ihes egin diote Unai Lasoren aurka 8-22 galdu ondoren. Biek lehen jardunaldian galdu zuten, eta berebiziko garrantzia zuen gaurko norgehiagokak.

Lasok joko maila ona erakutsi badu, Jakari agian erritmo falta nabaritu zaio. Lasok ez dio utzi aukera gehiegi jokoan sartzeko, eta aukera izan duenean lizartzarrak ez du asko asmatu. Partida pixkanaka joan da galtzen Jaka, aurkariak ez baitio hasieratik alde handirik atera. Itzaltzen joan da Jaka, ikusirik ez zuela asmatzen tantoak amaitzen.

Hirugarren jardunaldian Ezkurdiaren aurka jokatuko du lizartzarrak, eta ez badu ere aukerarik txapelketan jarraitzeko, falta zaion erritmo hori berreskuratzeko erabili dezake partida.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!