"Feminismoa da antidoto bakarra"

Tolosaldeko Ataria 2021ko urr. 15a, 10:07

Gasteizko erailketa salatzeko elkarretaratzea egin du Lurgatz talde feministak Zizurkil eta Villabona arteko oinezko zubian.

'Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista" lelopean elkartu dira herritarrak Lurgatz talde feministak egindako deiari erantzun eta Gasteizko azkeneko erailketa matxista salatzeko. Bertan izan dira Akain talde feministako kideak ere . "Haserrea" adierazi dute bildutakoek astearteko erailketagatik.

2003tik Euskal Herrian 112 izan dira eraildako emakumeak eta hitz emana duten bezala, erailketa matxista bat gertatzen den bakoitzean Zizurkil eta Villabona arteko oinezko zubian biltzeko konpromisoa hartua dute Aiztondoko feministek, "eraso sexistak onartzen ez dituen bailara batean bizi nahi dugulako".

Lurgatz talde feministako kideen esanetan, biolentzia matxistaren pandemiak mendeak daramatza gure mundu honetan. "Gizartearen erdiari zuzenean eragiten dion gaitzaz ez da inor arduratzen eta ozen salatu nahi dugu ez gaudela prest gehiago jasateko. Feminismoa da daukagun antidoto bakarra eta gizarte guztian zabaltzen saiatuko gara". Honenbestez Aiztondoko mugimendu feministak indarkeria sexista lehen mailako arazo politikotzat hartua izan dadin eskatu dute, "egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko". Benetako neurriak behingoz har ditzatela exijitu dute.

Autodefentsa feministarako deia egin dute Aiztondoko feministek: "Gure bizitzak dira jokoan daudenak eta bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu. Bizi dugun osasun krisi honetan harremantzeko inoiz baino oztopo gehiago ditugu. Mugimendu feministatik badakigu zaintza sareak ezinbestekoak direla indarkeri sexistari aurre egiteko, modu berriak bilatu behar izan ditugu harremanak zaintzeko, baina inoiz ez dugu indarkeriaren aurka borroka egiteko indarra galdu".

Lurgatz talde feministako kideek martxan jarraituko dutela hitz eman dute, "elkarrekin borrokan denak aske izan arte".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!