Gasteizko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte gaurko

Tolosaldeko Ataria 2021ko urr. 13a, 10:50
Sestaon otsailean gertatu zen hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeko irudia.

Tolosako Asanblada Feministak deituta 19:00etan izango da elkarretaratzea, gaur, Trianguloan eta Tolosaldeko Itaiak 20:00etarako deitu du, Trianguloan baita ere.

Gizon batek bere emaztea hil zuen atzo Gasteizen, eta bere buruaz beste egin zuen ondoren. Gertakaria salatu dute eta kontzentrazioak deitu dituzte gaurko, besteak beste, Tolosako Asanblada Feministak eta Tolosaldeko Itaiak. Asanblada Feministak deitutakoa 19:00etan izango da Tolosako Trianguloan, eta leku berean egingo dute Itaiak deitutakoa, 20:00etan.

Itaiak esan duenez, "etsaiaren boterea mantentzeko funtzioa betez, norma kultural bilakatu den ideologia matxistak gizonaren gailentasunerako testuinguru paregabea sortzen du, eta ondorioz, emakume langileon aurkako erasoak etengabe gauzatzen dituzte, gure zaurgarritasun egoera baliatuz". Horren aurrean, gaineratu dute, beharrezkoa dela emakume langileen aurkako eraso guztien aurrean "erantzun eraginkorrak hedatu, horiek gauzatzen dituzten figurak seinalatu eta emakumeok egoera horretatik askatzeko baliabide ekonomiko zein sozialak garatzeari ekitea".

Aurten indarkeria matxistaren ondorioz hildako bosgarren emakumea da atzo Gasteizen hilda atzeman zutena. 2003tik 112 emakume hil dituzte Euskal Herrian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!