Nahia Garrido Mediterraneoko Kopan lehiatuko da

Imanol Garcia Landa 2021ko urr. 13a, 07:59
Nahia Garrido igerilaria eta Joseba Zubeldia entrenatzailea, Tolosako Usabal igerilekuko harmailetan.

Tolosaldea IKTko igerilariak 100 eta 200 metro bizkar probetan parte hartuko du. Txapelketara ere Joseba Zubeldia entrenatzailea joango da.

Lehendabizikoz parte hartuko du Tolosaldea IKTko Nahia Garrido igerilari urretxuarrak nazioarteko txapelketa batean. Mediterraneoko Kopan izango da, ostiraletik igandera, Belgraden, eta Joseba Zubeldia taldeko entrenatzailea ere bertan izango da, Espainiako Selekzioko talde teknikoan, entrenatzaile laguntzaile bezala. Garridok 14 urte ditu eta maila horretako txapelketa izango da jokatuko duena, 100 eta 200 metro bizkar probetan parte hartuz.

Mediterraneoko Koparako prestatzeko, irailean egonaldia egin dute Garridok eta Zubeldiak Espainiako selekzioarekin. Aurretik, apirilean beste egonaldi bat egin zuten, eta orduan «urduriago» zeudela azaldu du Zubeldiak: «Oraingo honetan lasaiago egon gara, eta hobeto aprobetxatu dugu. Giroa ere lasaiagoa zen, eta oso ondo joan da. Bai gu bai eta egon diren beste guztiak ere pozik itzuli garela esango nuke». Garridok ere beste modu batera hartu du bigarren egonaldi hau: «Lehenengo aldian oso urduri joan nintzen, baina bigarrengoan beste puntu batetik hartu nuen eta dena hobeto egiten hasi nintzen».

Espainiako selekzioan gazte mailako hautatzailea aldatu egin dute, eta egonalditik «oso sentsazio ezberdinekin» etorri direla azaldu du Zubeldiak: «Bai aurrekoarekin bai orain dagoenarekin oso harreman ona izan dugu, baina hautatzaile berriak ikuspegi ezberdina du». Aurrekoa igeri metro gehiago egitearen aldeko zen eta bere eskaera «gogorragoa» zela dio; berriak teknika landu du gehiago, eta igerilariak «estres gutxiagorekin» egon direla azaldu du. Zubeldiaren lana ere aldatu egin da egonaldi batetik bestera. «Aurrekoan hautatzaileak prestatzen zituen entrenamenduak eta guk horiek aurrera eramaten laguntzen genion. Parte hartzen genuen, baina ez gehiegi. Orain askoz gehiago parte hartzen utzi digute. Lau entrenatzaile geunden eta bakoitzari saioak zuzentzeko aukera eman zitzaigun, eta nik bi zuzendu nituen. Igerilariek asko ikasi dute, eta nik pertsonalki ere bai».

Garridok ere modu ezberdinean bizitu du: «Lehenengo aldian gehiago egin eta egin eta egin izaten zen. Egunero berdina. Eta bigarren egonaldian gauza honetaz edo beste horretaz ohartzeko, saiatzeko eta disfrutatzeko esaten ziguten. Eta alde horretatik begiratuta askoz hobea izan da». Entrenamenduak lasaiago egiteko aukera izan dutela, eta sentsazioa ezberdina izan dela gaineratu du igerilariak.

«PRIMERAKO JARRERA»

Nazioarteko proba batean lehen aldiz parte hartzeak erronka handia suposatzen duela esan du Garridok. Zubeldiak gaineratu duenez, «alde batetik motibazio handia eta ilusio handia da horretara iristea, kontuan izanik gainera, denboraldi hasieran gaudela, eta garai honetan inoiz ez dugula lehiatu. Oso serio eta ehuneko ehunean ari da prestatzen. Bestalde, hamalau urte izanik, kontuan hartu behar da horrelako lehiaketa batera joateak eragiten duen urduritasuna ere batzuetan kostatu egiten dela kudeatzen».

Garridoren asmoa «ondo pasatzea» da, eta tokatzen zaizkion probak «ondo egitea». Prestaketa horretara bideratu dute, hain justu, ahal den ondoen egitera. Ez dute erreferentzi handirik beste lehiakideen mailaz, beraz txapelketan zehar ikusten joango dira zer emaitza lortu daitezkeen. Mediterraneoko Kopan selekzio indartsuenak Italia eta Frantzia izango direla azaldu du Zubeldiak, eta horren ondoren kontuan hartu beharrekoak Israel eta Turkia izango direla.

«Garbi duguna da Nahiak egin dezakeenean zentratu behar garela: gauzak ondo egin, teknika hobetu, esperientzia bizi eta ikasteko izan behar duela esperientzia honek. Noski ondo egingo duela, oso ondo prestatzen ari delako. Azken aste hauetan erakusten ari den jarrera primerakoa da», esan du Zubeldiak. Txapelketaren ondorengo balantzea egiterakoan, beraz, lortutako emaitzari baino egindako lanari begiratuko diotela azaldu dute.

Zubeldia bera ere joango da Mediterraneoko Kopara. «Poz handia hartu nuen esan zidatenean ni ere joango nintzela», esan du. Espainiako selekzioarekin lau entrenatzaile egongo dira eta igerilariak 18 inguru izango dira. Garridok azaldu duenez, gustura hartu zuen Zubeldia ere Belgradera joango denaren berria, horrek lasaitasuna ematen diolako.

Bestalde, Tolosaldea IKT taldeko igerilari bat nazioarteko mailan lehiatzeak «eskaileran beste maila bat igotzea» suposatzen duela dio Zubeldiak: «Aurreko denboraldian ikusi zen. Lehen Espainiako Txapelketara joaten zirenak, aurten finaletan sartu dira eta beste domina bat lortu da ere. Puntan dabiltzanak aurrera egin ahala, atzekoak aurrera doaz. Taldeari oso ondo etortzen ari zaigu motibazio bezala».

DOMINAK ETA MARKAK

Aurreko denboraldiari begiratuta, 2020-2021, neguko eta udako infantilen Espainiako Txapelketetan lortu duena nabarmendu du Garridok: «Negukoan lau proba egin nituen eta horietatik bitan domina lortu nuen, bat brontzezkoa eta bestea zilarrezkoa, eta beste bietan ere ondo aritu nintzen. Udakoan bost proba egin nituen, eta horietatik bitan urrezko domina lortu nuen, eta beste hiruretan ere gustura geratu nintzen lortutakoarekin». Horrez gain, hamalau urteko mailan, Euskadiko markak hobetu ditu bai 100 eta 200 metro bizkarrean.

Urtea bukatu bitarte, igerileku motzeko absolutu mailako Espainiako Txapelketa izango dute Tolosaldea IKT taldekoek. Lehenengo aldiz hamar igerilari joango dira, inoiz baino gehiago, eta bai mutiletan zein nesketan erreleboko proban parte hartuko dute. «Hor ere taldeak eman duen saltoa ikusten da», esan du Zubeldiak.

Horrez gain, lehenengo aldiz Espainiako Kopan parte hartzeko izen ematea egin dute, kasu honetan, mutiletan eta bigarren mailan. Aurreko denboraldian egindako denborak kontuan hartzen dira eta sailkapen bat egiten da. Gipuzkoan klub bakarra dago parte hartzen duena Espainiako Kopan, Bidasoa, eta ohorezko mailan lehiatzen dira. Sailkapena atera berri da eta postu batengatik ez dute lortu sailkatzea, eta oraingoz ez dirudi aldaketarik izango denik. «Sailkatzea lortu izan bagenu beste pauso bat izango litzateke taldearentzat», esan du Zubeldiak. Etorriko diren erronka berriei heltzeko, lanean jarraitzea tokatzen zaie Tolosaldea IKT taldeko igerilari eta entrenatzaileei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!