Tolosaldeko 16 ekintzaileren proiektuak diruz lagunduko ditu Lanbidek

Tolosaldeko Ataria 2021ko urr. 6a, 11:27

Enpresa bat sortzeko ideia duten ekintzaileentzat eta dagoeneko bideragarritasun azterketa egina izan eta enpresa martxan jartzera doazenentzat izango dira laguntzak.

Lanbidek eskualdeko ekintzaileak diruz lagunduko ditu enpresa berriak sortzeko aukerak aztertu edota enpresa berriak martxan jartzeko helburuarekin. Horretarako, 21.775 euroko diru-laguntza bideratuko du Euskal Enplegu Zerbitzuak, Tolosaldea Garatzenen Ekintzailetza Sailarekin elkarlanean.

Guztira 16 proiektu lagunduko dituzte diruz. 10 laguntza, enpresa bat sortzeko ideia duten ekintzaileentzat izango dira, bideragarritasun azterketa bat egin dezaten; eta beste seiak, dagoeneko bideragarritasun azterketa egina izan eta enpresa martxan jartzera doazenentzat.

Enpresa ideia garatu nahi dutenei zuzendutako diru-laguntzei dagokienez, bi hartzaile mota izango dituzte: 30 urtez azpiko ekintzaileentzat sei diru-laguntza izango dira, eta beste lau, adin horretatik gorakoentzat. Baldintza batzuk bete beharko dituzte guztiek, hala nola, langabeak izatea, Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea, Tolosaldea Garatzenen aholkularitza jasotzea, helburu bererako beste diru-laguntzarik ez jasotzea, ekonomia jardueren gaineko zergan eta langile autonomoen araubide berezian iaztik alta eman ez izana eta esklusiboki bideragarritasun azterketa egitera dedikatzea, 2 hilabeteko epealdian.

Beste 6 diru-laguntza enpresa martxan jartzera doazen ekintzaileei zuzendutakoak izango dira. Kasu honetan, ezinbestekoa izango da bideragarritasun plana egina izatea eta gehienez hiru hilabeteko epean autonomoetan alta ematea, laguntza jaso ahal izateko. Hau da, epe horretan martxan jarri beharko dute enpresa.

Eskaerak egiteko epea azaroaren 2an amaituko da. Tolosaldea Garatzeneko Ekintzailetza sailarekin jarri beharko da harremanetan, Lehiberri Zentrora bertaratuta, 943 65 45 01 telefono zenbakira deituta edota zubeldia@tolosaldea.eus helbidera idatzita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!