Koronabirusa

Neurri murriztaile gehienak bertan behera, etzitik aurrera

Ataria 2021eko urriaren 5a

Ostalaritzan, merkataritzan eta kultur ekitaldietan ez da edukiera mugarik izango, eta barran kontsumitu ahalko da; maskarak barruan erabili beharko dira.

Koronabirusaren izurriari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak erabakitako larrialdia amaitu da. Hala erabaki du gaur Labi aholku batzordeak, eta Nafarroan joan zen astean bezala, salbuespen neurriak bertan behera geratuko dira etzitik aurrera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Iñigo Urkullu lehendakariak esan duenez, «ostegunetik aurrera, osasun zaintza fase berria hasiko dugu». Egoera aldatzea ekarri duen tresna nagusia txertoa izan dela nabarmendu du. Noizbehinkako agerraldiak sortu arte, kutsadura prozesua egonkortu dela adierazi dutela adituek esan du, baina, ohartarazi du arazoa ez dela amaitu oraindik: «Adituek ohartarazi dute birusak mutatzen jarraituko duela eta planetaren hainbat lekuetan oso jende gutxi txertatu dela».

Bada, Labiren aholkuari jarriki, indarrean zeuden neurri mugatzaileak, indarrik gabe uztea erabaki dute. Ondorioz, tabernetako barran kontsumitzeko aukera izango da, eta ez da edukiera mugarik izango ostalaritza, merkataritza eta kultura ekitaldietan. Dena den, hainbat neurrik indarrean jarraituko dute: espazio itxietan eta 5.000 ikusle baino gehiagoko ahalmena duten lekuetan %80ko edukiera mantenduko dela esan du Urkulluk. Maskarei dagokienez, nahitaezkoa izaten jarraituko du barnealdeetan, eta, kanpoan, ezin denean tartea gorde. Eta ekitaldietan jateko eta edateko debekua mantendu egingo da, barrualdean zein kanpoaldean.

Hain justu, gaur bildu da Labi aholku batzordea azken aldiz, eta bertako ordezkariak ere izan dira Urkulluren agerraldian. Horiei eskerrak eman dizkie lehendakariak «egindako lanagatik», eta baita euskal gizarteari ere «izaniko portaerarengatik».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!