Tolosaldea, Goierri, Donostialdea eta Andoain inguruko 44 ETE euskaldunek enpresa berritzaile gisa Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren akreditazioa jaso dute, atzo Lehiberri zentroan eginiko ekitaldian. Akreditazio honek enpresek euren jardueretako arlo desberdinetan berrikuntza ezartzearen balioa aitortzen du.
Beren produktuetan edo negozio-prozesuetan (fabrikazioa, logistika, merkaturatzea eta administrazioa eta finantzak) berrikuntza sustatzeko neurriak ezarri eta dagoeneko merkatuan duten kokapena hobetzen duten emaitzak lortu ondoren jaso dute akreditazioa enpresek.
Jardunaldian, Eusko Jaurlaritzaren Hazinnova zerbitzuaren, SPRIren eta Innobasqueren ordezkariez gain, proiektu hauek abian jartzeko aholkularitza eman duten tokiko eragileak ere bertan egon dira ETEekin batera.
Durangon egin zuten lehen ekitaldia, eta Tolosakoa bigarrena izan da. Azaroaren 18ra bitarte beste zazpi ekitaldi egingo dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskualdeetan. Topaketen helburua da parte hartzen duen enpresa bakoitzari, guztira 395 (164 Bizkaian, 155 Gipuzkoan eta 76 Araban), eskerrak ematea eta enpresa horiek berrikuntzaren euskal ekosisteman sartu direla egiaztatzea.
Eusko Jaurlaritzatik adierazi dutenez, "enpresa txiki eta ertainek berrikuntzaren alde egin duten lana funtsezkoa izan da Euskadi lehen aldiz berrikuntza-indizean Europar Batasuneko batez bestekoaren gainetik egon dadin (103,6 EBko 100 aldean), Eskualdeko Berrikuntzaren Taula 2021 delakoaren arabera".
Hazinnova programa berrikuntzan hasten ari diren enpresei zuzenduta dago, eta 2,4 milioi euroko aurrekontua du. Doako aholkularitza eta bidelaguntza zerbitzua da, enpesa bakoitzari lana antolatzeko edota produktu eta zerbitzuak merkaturatzeko modu berriak ezartzera bideratuta. Berrikuntza ez-teknologikoan espezializatutako aholkularitza eskaintzen du, negozio-prozesuetan, produktuetan edo alor berritzaileetan berrikuntza dakarten mikroproiektuak dituzten ETEentzat: fabrikazioa, logistika, merkaturatzea eta administrazioa eta finantzak.