«Badago talentua, baina adierazteko plazak falta dira»

Erabiltzailearen aurpegia Agurtzane Belaunzaran 2021ko ira. 29a, 10:03

Irristaka patinaje taldearen entrenatzailea da amasarra, eta patinaje zein piragua monitorea, bertako nahiz gure mugetatik kanpoko uretan, hainbat urtez.

Gurpilen gainean zein ur gainean trebea da Beñat Azurmendi Sorondo (Amasa, 1974). «Mania modukoa» izan omen du: «afizio batekin hasi, buru-belarri jarraitu eta teknika ondo ikasi», ondoren kirol horretako monitore izaten amaitu arte. Kirola ulertzeko eta bizitzeko modu sakona du Azurmendik eta bizitzako hainbat esparrurekin lotzen du, baita gizartearen islarekin ere. Bere ustez kirolak asko du fisikatik askotan aipatu du elkarrizketan zehar.

Eskualdeko mendi eta basoetan, mendiko bizikletako ibilbideak irudikatzen ditu eta Villabonako bizikleta zirkuituaren bultzatzaileetako bat da. Hainbeste gustatzen zaizkion kirolak eta horien ezagutza jendearekin partekatzeak preziorik ez duela dio, «gozamena da». Agian horregatik etorri da ATARIA-rekin duen hitzordura, Hi bizi haiz hi! (EBCIC ingeleseko hizkiak euskaraz irakurrita) elastikoa soinean duela.

Lurrean zein uretan irrist egiten duten kirolak dituzu gustuko, baita ofizio ere.

Ofizio txiki asko ditut baina nagusiki kirola da nire bizibidea, patinajea, iraupen eskia eta piragua batez ere. Azkenaldian, Zumardiarekin mendiko bizikleta klaseak ematen aritu naiz.

Teknikoki antzekoak diren kirolak al dira?

Iraupen eskia eta patinajearen arteko teknika oso antzekoa da. Tolosako Alpinon iraupen eskiko klaseak ematen hasi nintzenean, lagun baten bidez patinatzen hasi nintzen eta eskiarekin bezala, fisikaren arauak errespetatu behar dituzula ohartu nintzen. Ez da nire teknika, fisika purua da, hau gorputzera aplikatuz patinatu, eskiatu, piraguan ibili edota korrika zein bizikleta egin dezakezu. Patinaje klaseak Villabonako kiroldegian emateko aukera suertatu zitzaidan eta horrelaxe hasi nintzen.

Eskolan fisika erakusten zutenean adi egoten al zinen?

Ez ba! Eskolan hainbat gai kirola praktikatuz erakutsi izan baligute beste kontu bat izango litzateke. Orain fisikako hainbat gauza hartzen ditut kontuan kirolaren bitartez; kanikak nola mugitzen diren pista batean, inertzia, marruskadurak, angeluak... Zaila da paperean irakurrita ulertzea, baina bada bideo bat non irakasle batek patinen bidez esplikatzen dituen fisikako hainbat kontzeptu; abiadura, azelerazioa, masa, grabitatea, indar zentrifugoa... eta ikuste hutsarekin ulertzen duzu. Hainbat gauza jolasen bidez esplikatu izan balira, ikasten disfrutatuko genukeela uste dut.

Patinaje monitore gisa herriz herri ibiltzen zara eta Irristaka taldearen entrenatzaile ere bazara. Non entrenatzen duzue?

Tolosako Uzturpeko frontoian entrenatzen dugu Irristaka taldearekin. Oso entrenamendu serioak egiten ditugu; orain arte teknika landu dugu bakarrik ez daukagulako entrenatzeko leku egoki bat. Industriagune batean gabiltza entrenatzen ez dugulako patinajeko pistarik. Bidegorrian joan gaitezke, baina jende asko dabil oinez eta bizikletan, eta gure entrenamenduetan 30 edo 35 kilometro orduko abiadura hartzen dugu. Ez da lekurik onena eta horrez gain oztopo arkitektonikoak daude: eserlekuak, barandak, errepideetako betoizko banatzaileak... Ez dugu toki egokirik eta ahal den moduan entrenatzen dugu.

Tolosaldeko neska-mutikoak dira?

Ingurukoak dira bai. 30 neska-mutiko ditut bi taldetan banatuta, 8-11 urtekoak talde batean eta bestean 12-17 tartekoak.

Hain kirol bisuala izanda, urrun eta ezkutuan entrenatzen duzue.

Gu ikusezinak gara. Usabalen lortu dugu ordubete entrenatzeko, baina ordutegiak ez dira onenak. Alde horretatik, ez dugu batere erraztasunik gure entrenamenduak burutzeko, azpiegitura guztiak futbolarekin okupatzen baitira. Frontoian ere ezin dugu ordubete baino gehiago eskatu aretoko futbola dagoelako. Ez da batere erraza.

Patineteen parkeak eta eraiki nahi den 'pump track' zirkuituak kirol horiek gizarteratzeko balio dute, ezta?

Zalantzarik gabe, honelako azpiegiturek balio dute gizartean kirol ezberdin asko egin daitezkeela ikustarazteko. Aire librean egin daitezke, edonork erabiltzeko moduan daude; pump track-a esate baterako, pedalei eman gabe bizikletan ibiltzeko zirkuitua da, baina gurpilak dituen edozein kirol praktikatu daiteke, patinetean eta baita patinekin ere. Gainera guztiak ibili gaitezke aldi berean, kontua da oso kirol gogorra dela eta 20 minutu ibili ostean lehertuta amaitzen duzula. Beti dago mugimendua espazio horietan eta jende berria. Hankekin bultzatuz lortzen duzu abiadura, hemen ere dena da fisika.

Kirol ezberdin gehiago praktikatzeko aukera izateak ere, jendeari aukerak zabaltzea dakar.

Gizartean badago talentua, baina adierazteko plazak falta dira. Futbolak plaza guztiak bereganatu ditu, eskoletako patioetan daukan presentziak beste kirolak eklipsatzen ditu. Ezkutuan talentudun jende asko dago; musikarako, margotzeko, dantzarako, beste edozein kiroletarako... baina ia-ia ikusezinak dira, non eta Maialen Chaurratek ez duen Olinpiar Jokoetan irabazten, orduan jasoko du titularra, baina Olinpiar Jokoak lau urtez behin dira. Irene Caminos hemen hasi zen entrenatzen, lau harri kozkorrekin! Eta mundu mailako txirrindularia da, horregatik eman diogu oihartzuna kirol horri. Abraman Olano eta Artolazabal ahizpak olinpikoak dira ere, eta Kepa Caballero bera goi mailan ibili da patinekin. Jende honek bezala, atzetik datozenek azpiegiturak behar dituzte.

Gizarteak patinajea oso infantilizatua duela uste al duzu?

Infantilizatua dago bai eta bada oraindik emakumeen kirola dela ere uste duenik. Lehiaketan oso kirol parekidea da ordea, eta inork gutxik badaki ere, mundu mailako txapeldunak ditugu Iruñean eta Gasteizen, biak gizonezkoak. Herriz-herri ematen ditudan ikastaroetan emakume zein gizonen kopurua antzekoa da.

Patinekin ibiltzea aurreraka joatea baino gehiago dela, alegia.

Batzuentzat agian hori da soilik, eta nahikoa gainera. Baina aukera asko ematen dituen kirola da nire ustez, praktikatzen hastean ikusten da zenbat gauza egiteko aukera ematen duen, teknika lortzeko gorputzarekin jolasten duzu. Ikastaroetatik teknikarekin ateratzen dira eta horrek sekulako poza ematen die, helduei batez ere, uste zutena baino gehiago ikasteko gai direla ikusten baitute.

Eskutik helduta al datoz kirola eta lehiaketa?

Kirol guztietan aurkitu dezakezu edo ekidin dezakezu. Egia da, hala ere, euskal kirolaren legeak eskola kirolean eta adin tarte jakin batean lehiaketa debekatzen duela. Adin tarte hori pasata badago fase bat non tarteka lehiatu zaitezkeen, baina ondoren bada kontraesankorra den zerbait, talentuen bila hasten direla, alegia, eta ondorioz lehia sustatzen dela. Lehiaketa ekiditen da, baina gero sistemak kirol jakin horretan ona den jendea bilatzen du, eta jende hori gutxiengo bat da. Zer gertatzen da beste jende guztiarekin? Nire ustez gizartearen masa handiena da zaindu behar duguna.

Kirola ulertzeko modua aldatzen du horrek....

Zenbat jenderi entzuten diot, 'Ni kirol honetan txarra naiz eta ez dut praktikatzen'. Eta zer? Onak direnek bakarrik praktikatu behar al dute? Gizartearen baloreetan sartzen gara hor, lehiakortasunean. Sukaldean aritzen diren guztiak ez dira Argiñano, baina kozinatzen dute. Nik ez dut sekula txapelketarik irabazi, baina lasterketetan parte hartzen dut. Iruditzen zait lehia ez dela txarra, orokorrean, baina adin txikiko haur eta gazteei gauza batzuk azaldu behar zaizkie, talde lanaren garrantziaz hitz egin behar zaie, adibidez.

Erakusten dituzun kirolak bakarka egitekoak dira.

Kirol batzuk taldean onartuak izateko egiten dira oraindik ere. Lagunek egiten dutelako egiten dira, gehiegi gustatu gabe, futbolaren kasua da adibiderik argiena. Nik praktikatzen ditudanak taldean zein bakarka egin daitezke eta norberaren gustukoa den kirol edo afizioa edukitzea beharrezkoa da: distraitzeko, erlaxatzeko, airea hartzeko edo bakarka egoteko erreminta gisa, batez ere, bizitzak bidegurutze asko dauzkan adin tarte horretan, nerabezaroan.

Zure lanbideak asko al du gozotik?

Bai asko! Nik klaseak ematen gozatu egiten dut, ondo pasatzen dut. Hori bai oso lan ezegonkorra da eta hori askorentzat jasanezina izan daiteke. Batzuentzat balio handia du ahalik eta ikasketarik onenak edukitzeak, ahalik eta lanik onena lortu eta soldata oso ona edukitzeko. Baina nire helburua ahalik eta hoberen pasatzea da, ahal den denboran gehienean, eta klaseak emanez ondo pasatzen dudanez, horixe egin nahi dut. Lanera pozik joan nahi dut eta ez hankak arrastaka ditudala.

Nolakoa izan da aurtengo denboraldia?

Ez oso ona eta pasa den urtean bezala geldiarazten bagaituzte, ezingo diot egoerari ekonomikoki aurre egin. Kontraesankorrak diren erabakiak hartu dira, pasa den urtean adibidez, ikasleak eskolako gelan hilabetean 120 ordu egon ziren, gelan 25 ikasle izanik, baina kontrara eskolaz kanpoko jarduerak egiteko oztopoak jarri zituzten. Nire kasuan pilotaleku batean 12 neska-mutikorekin astean bi orduz aritu nintzen. Segurtasun neurri guztiak hartuta entrenatzeko aukera kendu ziguten.

'Hi bizi haiz hi' dioen elastikoarekin zatoz, horixe bera behin baino gehiagotan entzungo zenuen.

Behin baino gehiagotan bai. Batzuei ez zaie lana iruditzen patinaje irakaslea izatea eta lorezain ikusi nautenean esan izan didate 'Orain ikusiko dek zer den lana!' eta 16 urte nituenetik nabil lanean! Batzuentzat gure gisako lanak egiten dituena kontutik bizi da. Disfrutatzen ikusten zaituzte eta badirudi hori ez dela lana. Euskal Herrian ez badu minik ematen ez da kirola eta ez badu minik ematen ez da lana. Kontzeptu hori oso sartua daukagu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!