Euskarazko istorioak komiki bihurtuta jasotzeko prest dute Galtzakomik lehiaketa

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko ira. 28a, 17:59

Ibarra-Galtzakomik Komiki Lehiaketa antolatu dute Galtzaundi Euskara Taldeak eta Ibarrako Udalak; 14. edizioan lanak aurkezteko azken eguna azaroaren 30a da.

Martxan da Galtzaundi Euskara Taldeak eta Ibarrako Udalak elkarlanean antolatzen duten XIV. Ibarra-Galtzakomik Komiki Lehiaketa. Euskara, irudimena, eta istorioak lantzen hasi, eta paperera eramateko epea zabaldu dute.

«Hamalau urte hauetan arrakasta izan duen lehiaketa izan da, baina bereziki lehengo urteko emaitzak nabarmendu behar ditugu», azpimarratu du Ibarrako Udaleko euskara teknikaria den Tomas Ugaldeberek. Euskal Herri guztitik jaso zituztela lanak adierazi du, eta iaz 250 komikiren bueltan izan zirela lehiaketan parte hartu zutenak. «Horrek asko animatzen gaitu hurrengo urteetara begira, eta bereziki aurtengo lehiaketa honekin aurrera egiteko», gaineratu du Ugaldeberek.

Ibarrako Udala aurtengo ediziora begira itxaropentsu agertu da, eta «lan onak eta asko» jasotzeko esperantza dute.

Hamalaugarren ediziora iritsi den lehiaketarekin euskarazko komikigintza sustatzea dute helburu, eta baita sormena lantzea ere. Gaia librea da, eta lanak bakarka edo taldean aurkeztu daitezke. Beraz, lehiaketak euskarazko istorioak komiki bihurtzeko aukera eskaintzen die artista gazteei eta helduei.

Iazko ildoari jarraituz antolatu dutela lehiaketa esan du Idoia Lahidalga Galtzaundi Euskara Taldeko kideak. Publiko zabalari zuzendutako lehiaketa da, eta lau sailetan banatuko dituzte sariak. Ibarrako Udalaz gain, Xabiroi aldizkaria, Tamayo paper denda, Danon Txokoa taberna, Eguzkilore taberna, Mahala baserriko produktuak, Elkar megadenda, Ibarrako Merkatarien Elkartea eta Babel liburu-denda dituzte babesle. Hasteko, guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie Lahidalgak, «lehiaketa ahalbidetzen dutelako».

Euskal Herrian euskara hutsean antolatzen den lehiaketa bakarra da Ibarra-Galtzakomik Komiki Lehiaketa. Komikigintzan bidea egin nahi dutenentzat aukera ezin hobea da eskaintzen dutena, eta era berean, gaztetxoenak komikigintzan zaletzeko ere ahalegina egiten dute. Honela, ikastetxeei ere deialdia luzatu diete antolatzaileek ikastetxeetan lantzen ari diren proiektuetan komikia landu eta uztartzeko balia dezaten eskatuz. «Baliabide bat gehiago eskaintzen diegu ikastetxeei beraien helburu horiek betetzeko», argitu du Galtzaundiko ordezkari den Lahidalgak.

EPAIMAHAI ADITUA

Komiki lanak baloratu ahal izateko adituekin osatutako epaimahaia lotu ohi dute. Aurten, Yurre Ugarte idazleak, Unai Gaztelumendi marrazkilariak, Iñaki Martiarena Mattin marrazkilariak eta Pili Aguado ilustratzaileak izango dute banan-bana komikiak aztertzeko ardura. Beraien lana izango da lehiaketan parte hartzen duten lan guztiak baloratu eta saridunak aukeratzea.

Behin lanak baloratuta sari banaketa ekitaldia abenduaren 17an egingo dute Ibarrako San Bartolome plazako aterpean. Aurretik, ordea, abenduaren 15ean, Mahalako produktuen zozketa egingo dute parte hartzaile guztien artean. Berrikuntza moduan, Galtzaundiko sare sozialen bidez zuzenean eskainiko dute zozketa.

Jendeari animatzeko deia luzatu diete, eta azaroaren 30a izango dute lanak aurkezteko azken eguna. Galtzaundi Euskara Taldearen bulegora bertara joan da, edota postaz Tolosako Nafarroa etorbidea 6, behea helbidera bidalita. Lanek betebeharreko baldintza teknikoak eta lehiaketaren oinarriak Galtzaundi.eus web orrian jarri dituzte.


XIV. GALTZAKOMIK LEHIAKETA

Azaroaren 30a baino lehen komikiak Galtzaundi Euskara Taldearen Tolosako egoitzan aurkeztu beharko dira, bertara joanda edo postaz bidalita.

9 urtera arte
Maila honetan 2011n jaiotakoak barne sartuko dira.
1. saria. Opari txekea eta komiki bilduma izango ditu saritzat.
2. saria. Komiki bilduma eta marrazketarako materiala.
Aipamena. Komiki bilduma.
Ibarrako komikirik onena. Ibarrako merkatarien oparia eta komiki bilduma.
Oharra: Saridun guztiak Xabiroi aldizkarira harpidetuko dira urtebetez.

10-12 urte bitarte
Maila honetan 2010ean eta 2008an jaiotakoak barne sartuko dira.
1. saria. Opari txekea eta komiki bilduma izango ditu saritzat.
2. saria. Komiki bilduma eta marrazketarako materiala.
Aipamena. Komiki bilduma.
Ibarrako komikirik onena. Ibarrako merkatarien oparia eta komiki bilduma.
Oharra: Saridun guztiak Xabiroi aldizkarira harpidetuko dira urtebetez.a testua testua.

13 urtetik 16 urtera
Maila honetan 2007an eta 2004an jaiotakoak barne sartuko dira.
1. saria. 200 euro eta komiki bilduma.
2. saria. 100 euro eta komiki bilduma.
Bi aipamen. Komiki bilduma bana jasoko dute saritzat.
Ibarrako komikirik onena. Ibarrako merkatarien oparia eta komiki bilduma.
Oharra: Saridun guztiak Xabiroi aldizkarira harpidetuko dira urtebetez.a testua.

17 urtetik gora
2003an jaiotakoak atal honetan sartuko dira.
1. saria. 700 euro eta Danon Txokoan bi pertsonarentzako afaria jasoko ditu irabazleak.
2. saria. 300 euro eta Eguzkilore tabernan bi pertsonarentzako afaria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!