Artola-Elordi eta Peña II-Laso, final-zortzirenetan

Tolosaldeko Ataria 2021ko ira. 28a, 12:56
Argazkia: ASPE

Asteburuan hasiko da Lau eta Erdiko Txapelketa. Artolak ostiralean jokatuko du eta Peña II.ak larunbatean.

Bilbon egin da gaur txapelketaren aurkezpena, eta bertan izan dira parte hartuko duten hamabi pilotariak, horietatik lau eskualdekoak: Iñaki Artola alegiarra, Jon Ander Peña tolosarra, Erik Jaka lizartzarra eta egungo txapelduna den Jokin Altuna amezketarra.

Final-zortzirenekin hasiko dira asteburu honetan, eta bertan sartuko dira lehian Artola eta Peña II.a. Artolak ostiralean jokatuko du Elordiren aurka, Mallabian. Irabazten duenak final-laurdenetako ligaxkara pasako da eta lehen partida Altuna III.aren aurka izango du, urriaren 10ean, Eibarren. Multzo horretan dagoeneko Bengoetxea VI.a dago, eta honek Peio Etxeberria eta Elezkano II.aren arteko irabazleen aurka jokatuko du, urriaren 8an, Balmasedan. Bi hauek Tolosan izango dute final-zortzirenetako partida, astelehenean.

Peña II.ak larunbat honetan jokatuko du Lasoren aurka, Donostian. Irabazlea final-laurdenetako ligaxkan sartuko da eta lehen partida Ezkurdiaren aurka izango du, urriaren 9an, oraindik zehaztu gabeko lekuan. Ligaxkaren multzo horretan Jaka dago, eta igande honetako Urrutikoetxearen eta Victorren arteko partidaren irabazlearen aurka jokatuko du lehen partida, Lekeition, urriaren 12an.

Final-laurdenetako ligaxkan bi multzo daude, eta bakoitzean lau pilotari. Multzo bakoitzean pilotari guztiek elkarren aurka jokatuko dute, eta finalerdietarako lehen biak sailkatuko dira. Finalerdiak urriaren 31ko asteburuan jokatuko dira, eta multzo bakoitzeko lehenak beste multzoko bigarrenaren aurka jokatuko du. Finala azaroaren 14an izango da, Bilboko Bizkaia frontoian. Iaz Altuna III.ak jantzi zuen txapela, Jakari 22-9 irabazita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!