Iritsi da egun erabakigarria

Tolosaldeko Ataria 2021ko ira. 23a, 19:59

Joseba Otaegi zizurkildarrak eta Iñaki Errazkin tolosarrak larunbat gauean egingo den IV. Mahala Euskal Pentatloi Sariaren finalean parte hartuko dute

Larunbat gauean erabakiko da IV. Mahala Euskal Pentatloi Sariaren irabazlea. Azpeitiko zezen plazan egingo dute finala, 22:00etan hasita. Sei kirolari izango dira lehian eta horietatik bi eskualdekoak: Joseba Otaegi zizurkildarra eta Iñaki Errazkin tolosarra. Txanda berean ariko dira, gizonezkoen bigarrengoan, jardunaldiko hirugarrena izango dute. Beraiekin batera faborito nagusia ariko da, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a. Gizonezkoen lehen txandan, jardunaldiko bigarrenean, Aritz Irazabal, Julen Gabirondo eta Kepa Peñagarikano lehiatuko dira.

Finalerdian lortu zuten sei pentatloilariek finalerako txartela, baina orduan egindako lanekin alderatuta, larunbatean lan gogorragoak izango dituzte: harriari 25 jasoaldi eman, giza proban bi plaza, aizkoran 3 kanaerdiko ebaki, txingekin 6 plaza egin, eta korrika 30 itzuli egin, hau da, 3 kilometro.

Otaegik finalerako sailkatzeko kanporaketan bigarren denbora onena egin zuen, baina orduan egindakoak ez duela zerikusirik finalean egingo den lanarekin nabarmendu du: «Beste proba bat da. Lehen ere egindakoak gara hori, eta prestaketa ere finalera begira egin dugu. Izan ere, finalera pasatzeko aukera ikusiz gero, finala bera prestatu beharra dago, kanporaketatik ez duelako denborarik ematen ezertarako. Uste dut ondo prestatuta iristen garela, eta lana ondo egiteko moduan izango garela». Euskal Pentatloiko lehen finalean izan zen Otaegi eta, beraz, ezagutzen du egin beharreko lana. Faborito Izeta VI.a jarri du eta Gabirondo ere kontuan hartu beharrekoa izango dela dio.

Errazkinentzat bigarren finala izango da, iazkoan parte hartu ondoren. Azken egunetan entrenamendu txiki batzuk egingo dituela esan du, eta prest dagoela finalari aurre egiteko. Bigarren txandan ariko direnek abantaila txiki bat izango dutela dio: «Beti balio du erreferentzia izateko. Korrika justu bazabiltza, pixka bat gehiago estutzeko balio dezake. Abantaila da aurrekoen denborak jakitea». Bere txandan ariko diren Izeta VI.a eta Otaegi besteak baino koxka bat gorago daudela dio: «Ni behintzat burua hotz aterako naiz, eta ezer galtzekorik gabe. Ni nire denborak egitera joango naiz, denbora guztian kontrolatuz». Otaegirekin bat eginez, finalerdietako lanak finalekoarekin zerikusirik ez duela dio: «Finala beste kupel bateko sagardoa da. Kanporaketan dena emanda ateratzen zara, baina finalean indarrak dosifikatu egin behar dira».

Finala ikusteko sarrerak salgai daude Tolosako Kantabriko tabernan eta Azpeitiko Mendizabal erretegian. 16 urte eta hortik beherakoek doan izango dute sarrera, baina kontuan izan behar da eserleku kopuru orokorra mugatua izango dela.

I. EMAKUMEZKOEN TXAPELKETA

Lehenengo aldiz emakumeen banakako finala ere egingo da aurten. Hiru kirolarik parte hartuko dute: Karmele Gisasola Zelai III.a, Lucia Orbe eta Garazi Arruti. Harriari 15 jasoaldi emango dizkiote, giza proban plaza bat egingo dute, aizkoran 36 ontzako bi enbor moztuko dituzte, txingekin lau plaza, eta korrika 15 buelta emango dituzte, 1,5 kilometro eginez. Emakumezkoen finala lehenengo txandan jokatuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!