Euskara ez praktikatzeko, ez dago aitzakiarik eskualdean

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko ira. 22a, 18:59

Mintzalaguna egitasmoa aurkeztu dute, eta izena emateko epea zabalik da; astero euskara praktikatzen duten sareak ehuntzen jarraitzea dute helburu.

Duela hamabi urtetik eskualdean hainbat eragilek bultzatu eta babesten duten Mintzalaguna egitasmoan izena emateko epea zabaldu dute. Euskara maila hobetu nahi dutenek edota euskaraz gozatu nahi dutenek ematen dute izena, eta horiei dei eginez aurkeztu dute Mintzapoza lelopean. Eskualdeko hainbat udalek, UEMAk, AEK eta Aitzol euskaltegiek eta Galtzaundi Euskara Taldeak babesten dute Mintzalaguna.

Egitasmoa ez da soilik euskara ikasten ari direnentzat. Mintzalaguna euskaraz hitz egin ohi duten pertsonak euskaraz egin nahi duten pertsonekin euskaraz aritzeko elkartzen dituen programa da.

Parte hartzaileen artean talde txikiak egiten dituzte bospasei lagunekin, eta astean behin, ordubetez beraien aisialdi garaian elkartzen dira. «Paseoan, kafetegian, parkean... euskaraz aritzeko, azken batean, euskaraz bizitzeko», adierazi du Eider Zubillaga Alegiako zinegotziak. «Aukera paregabea, beraz, euskaraz gehiago aritu nahi dutenentzat, edo dugunontzat», gaineratu du.

Azken bi urteak eta gero, «ikasturte berri hau bereziki bizi, garrantzitsu, gogotsu dator. Azken bi urteetan ezinezkoa izan baita gure jarduna bere horretan, gure modu naturalean burutzea, baina hartutako konpromisoari gogor eutsi diogu», azpimarratu du Idoia Lahidalga Galzaundiko ordezkariak.

Euskal Herrian 6.800 pertsona, eta Tolosaldean 75 pertsona astero-astero bildu izan direla ekarri dute gogora. Mintzapoza elkarrekin praktikatzeko gogoz daudela gaineratu du Lahidalgak. Astero elkartzeak «mintzapoza» sortzen diela esan du, baina baita «euskaraz lasai eta eroso aritzeko aukera izateak, akatsak egiteko beldurrik gabe edo euskara praktikatu nahi dugunokin astero elkartzeko prest dagoen bidelagun bat izateak» ere.

EUSKALDUN GUZTIEI DEIA

Parte hartzeko bi bide daudela azaldu dute, hau da, euskara praktikatuz (bidelaria) eta euskara praktikatzen lagunduz (bidelaguna). Mintzalagun bihurtzeko baldintza bakarrak, euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea direla azpimarratu dute.

Mintzapoza «denok» praktikatu dezakegula ere aipatu du Zubillagak: «Helduek, gazteek, berritsuek, lotsatiek, kirola egitea gustuko ez dutenek, antzerkizaleek, gurasoak... gaitasuna izanez gero». Eta guztien eskura dagoela Mintzapoza.

Izen ematea doakoa da, eta ikasturte osoan egongo da irekita. Mintzalagunean parte hartu nahi dutenek herriko udaletxera jo dezakete, edota Galtzaundi Euskara Taldearen egoitzara joan beharko dute izena ematera. Bestetik, online ere eman daiteke izena labur.eus/tolosaldea_mintzalaguna web orrian.

Tolosaldean, egun, hainbat herritan dituzte Mintzalagun taldeak: Alkiza, Altzo, Amasa-Villabona, Anoeta, Ibarra, Ikaztegieta, Lizartza, Irura, Tolosa eta Zizurkilen. Egitasmoa herri gehiagotara zabaltzea dute helburu, mintzalagun talde berriak sortuz.

Aurretik martxan zituzten talde askok eta askok jarraitu egingo dute, eta astero euskara praktikatzeko elkartzen direnen sareak ehuntzen jarraituko dutela argitu dute. Bidelariak eta bidelagunak astero biltzen hasiko dira: «Elkarrekin esperientzia aberasgarriak bizitzeko eta mintzapraktika egiteko bilduko dira, elkar zainduz eta erantzukizunez».

MINTZA TONBOLA

Irailak 25, larunbata

11:00-13:30. Mintzalagun egitasmoari bultzada bat emateko aukera egongo da, Tolosako San Frantzisko eliza parean jarriko duten tonbolan. Guztira 70 bat sari eta sari gabeko 126 txartel izango dira. Sarien artean: Nekatur bonua, bi pertsonarentzako bi gaueko egonaldia eta gosariarekin; 19 telazko poltsa; 19 bolaluma; 6 katilu; 6 termo eta 19 koaderno.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!