«Aldaketa txikia bada ere, askok eginda handia izan daiteke»

Irati Saizar Artola 2021ko ira. 22a, 07:59

Gizakia naturan eta kliman sortzen ari den desorekaren inguruko ipuin kontaketa didaktikoa lantzen ari dira Itziar Saenz de Ojer, Eli Trojaola eta Xabino San Sebastian; irailaren 28an eta 30ean eta urriaren 1ean, eskualdean eskainiko dituzte hiru saio.

Klima aldaketaren eta energiaren inguruan kontzientzia pizteko Eraldaketarako kontuak izeneko ipuin kontaketa bat prestatu dute Itziar Saenz de Ojer, Eli Trojaola eta Xabino San Sebastianek. Kontalari lanetan ariko dena Saenz de Ojer izango da, eta guztia prestatzen lagundu diote beste biek. Asteklimaren barruan, hiru emanaldi lotu dituzte eskualdean: irailaren 28an egingo dute estreinaldia Lizartzan, 18:00etan udal aretoan; irailaren 30ean Anoetan, 17:30ean; eta urriaren 1ean Berastegin, 17:00etan.

Nondik sortu zaizue ideia?

Itziar Saenz de Ojer: Kezka batetik sortu zaigu ideia. Asteklima datorrenez, garrantzitsua iruditzen zitzaigun klima aldaketaren gaia mahai gainean jartzea, lehen mailako arazo baten aurrean gaudela uste dugulako. Bada garaia lehen mailako leku bat emateko arazo honi. Hausnarketa horretatik abiatu gara.

Zuen kezkatik abiatuta jendea hausnarketara bultzatu nahi duzue?

Eli Trojaola: Urteetan ari gara entzuten klima aldatzen ari zaigula, baina guk ez dugu aldaketarik egiten. Kontaketa honetan transmititu nahi duguna da, erakunde mailan gauza asko egin daitezkeela, baina norbanako mailan ere bai. Besteek egin zain gaude eta ez dugu gurea egiten.



Nola kontatu daiteke horrelako gai bat ipuin bidez?

Saenz de Ojer: Lehenik asko irakurri dugu. Kontzientzia banuen, baina informazioa falta zitzaidan. Uda irakurtzen eta zer material zegoen ikusten pasatu dugu, gerora ipuin kontaketa prestatzeko. Ez da ohiko ipuin kontaketa bat izango, ez baitauzka ipuinak bakarrik. Bizpahiru ipuin txertatu ditugu kontaketan, baina horiez gain, azalpen batzuk sartzen ere ahalegindu gara, era atsegin batean. Badu antzerkitik eta badu ipuinetatik, eta amaieran tarte didaktiko bat eskainiko dugu, saioak inoiz baino gehiago duelako eduki batzuk transmititzeko eta hausnartu arazteko helburua.

Zer gai landuko dituzue?

Saenz de Ojer: Zuzenean ez ditugu gaiak landuko, iradoki egiten ditugu ipuinen bidez. Adibidez, mahai gainean jartzen den gai konkretu bat elikaduraren ingurukoa da; jaten dugun produktua bertakoa bada, energia aldetik kontsumo gutxiago beharko du produktua urrunetik etortzen denean baino. Basoaren zaintza ere ukitzen dugu. Hausnarketarako tartea luzatu nahi da, orokorrean, ereduaren inguruan. Klima aldaketa gu ari gara eragiten, gure bizitzeko eraren ondorioz.

Trojaola: Abiapuntua energia bera da, baina gaia oso zabala da eta ezin da dena kontatu, ezta sakon kontatu ere.

Saenz de Ojer: Kontzientzia galderetatik abiatzen da. Konturatzen gara jaten dugun elikagai bakoitzak ze prozesu behar izan duen guregana iritsi arte? Bidaiatzen dugunean zer ari garen jaten konturatzen gara? Bizi garen gizarte azkar honetan, ez gara hainbat gauzez konturatzen. Guk argi daukagu goitik aldaketak etorri behar dutela, baina norbanakook ere asko egin dezakegu gure egunerokotasunean horrelako galderak egiten badizkiogu gure buruari.

Nola antolatu dituzue saioak?

Trojaola: Kezka batetik abiatzen da eta kontaketa bat egiten da, baina mugimendu bat sortu nahi da. Arazo nagusienetako bat da pentsatzea besteek konponduko dutela, eta norbanako bezala egiten dudana hutsaren hurrengoa dela eta egin edo ez egin berdin dela. Norbanako bezala, gutxi izanda ere, garrantzitsua da egitea, nahiz eta horrek klimaren aldaketa ez duen aldatuko, baina denok hasiko bagina hori egiten, beste inpaktu bat izango luke. Txikia bada ere aldaketa, askok egiten badute handia izan daiteke.



Amaieran material bat ere prestatu duzue parte hartzaileei emateko.

Saenz de Ojer: Jende askok kontzientzia piztuta dauka, baina beste bultzadatxo bat eman nahi diegu saioarekin. Kontzientziatik harago joan eta pauso konkretuak ematen hastea nahi dugu. Ekintzara pasatzeko garaia da, beraz, jendea kezkaren batekin ateratzen bada saiotik, ideia horiek elikatzeko dinamika bat egingo dugu amaieran, zeinetan hainbat ideia emango diren, eta parte hartzaileei diptiko bat emango diegu hainbat informazio eta proposamenekin.

Nori zuzendutakoa da?

Trojaola: Sei urtetik gorakoentzat prestatu ditugu. Kontaketa izanagatik, helduentzako ere badela adierazi nahi dugu. Haurrak egotea garrantzitsua iruditzen zaigu, baina baita helduak ere, izan ere, gai honetan bereziki erreakzionatu beharra helduok daukagu. Haurrei naturarekiko maitasuna edo naturaren zaintzaren ikuspegi bat transmititzea tokatzen zaigu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!