Alzheimerraren Munduko Egunaren harira, hainbat jarduera

Tolosaldeko Ataria 2021ko ira. 21a, 08:59

Bihar eta etzi, film baten proiekzioa eta hitzaldia izango dira Tolosako kultur etxean, besteak beste Buru Bihotzez elkarteak eta Afagik antolatuta.

Alzheimerraren Mundu Eguna da gaur eta horren harira, Tolosaldeko Buru Bihotzez elkarteak ¿Y tu quien eres? filmaren proiekzioa iragarri du biharko: Tolosako kultur etxean izango da, 19:00etan. Horrez gain, Afagi elkarteak, Tolosako Udalaren laguntzaz, Alzheimerrarekin elkar-bizi izeneko hitzaldia antolatu du ostegunerako; hau ere kultur etxean izango da, 18:00etan. Hizlariak Koldo Aulestia Afagiko lehendakaria eta Alaitz Iriarte Afagiko psikologoa izango dira.

Bestalde, dementzia dutenen eta haien ingurukoen bizi kalitatea hobetzeko programa bat prestatu dute Igone Etxeberria Psikologia Fakultateko irakasle eta ikertzaileak eta Asier Arrizabalaga fisioterapeutak: Dementzia Bizitzen. Programa hau Buru Bihotzez elkarteak sustatu eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta jarri nahi dute martxan irailean zehar.

Tailerrak

Bestetik, Afagi elkarteak alzheimerra edo beste dementziaren bat hasierako fasean duten pertsonentzat psikoestimulazio kognitiboko tailerra eskainiko du. Urrian hasiko da, eta Harizpe gizarte zentroan egingo da.

Helburua gaixoen eta haien familien bizi kalitatea hobetzea da, eta parte hartzen dutenek funtzio kognitiboak estimulatu eta gaitasun funtzionala landu ahal izango dituzte, beraien autonomiaren mantentzea ahalik eta gehien luzatzeko.

Tailerrak hamar hilabeteko iraupena du eta interesa dutenek izena eman aurretik elkarteko profesionalekin hitzordua eskatu beharko dutela azaldu dute. Horretarako, afagi@afagi.eus helbide elektronikora idatzi edo 943 297 188 telefono zenbakira deitu beharko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!