Ulin, 700 urte geroago

Ataria 2021eko irailaren 20a

Beotibarko Gudaren 700 urteurrenaren harira, Berastegiko, Leitzako, Larraungo, Lekunberriko eta Lizartzako udaletako ordezkariak Uli mendian bildu ziren, atzo.

Atzo bete ziren 700 urte Beotibarko Gudatik. Urteurrena baliatuz, Berastegiko, Leitzako, Larraungo, Lekunberriko eta Lizartzako udaletako ordezkariak Uli mendian bildu ziren. Duela zazpi mende arbasoak urtero Uli mendiko eremu horretan biltzen zirelako, hain zuzen, "tregoak egiteko, akordioak lortzeko eta bakeaz hitz egiteko".

Ideia bat errebindikatzeko elkartu ziren, besteak beste, Amaia Azkue Berastegiko alkatea, Mikel Huarte Larraungo alkatea, Mikel Zabaleta Leitzako alkatea, Jone Zubeldia Lizartzako zinegotzia eta Mikel Betelu Lekunberriko zinegotzia: "Duela anitz mende bezala gaur egun ere denak nazio bereko herritarrak garela, anai-arrebak garela eta hau ez delako mugako lurraldea ezta gaizkileen muga ere, euskararen gunea baizik, milaka urtez guztion elkarbizitzarako habia, hain zuzen."

Hori dela eta, Ulin bildu ziren udalerrietako ordezkariek protokolo bat sinatu zuten, eta horren bidez, kultura eta gizarte ongizate proiektuetan eta, oro har, bizilagunen bizi baldintzak hobetzen dituzte eta eskualdeko herri eta haran guztien adiskidetasuna eta bizikidetza sustatzen lagunduko duten proiektuetan lankidetzan jarduteko borondatea adierazi zuten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!