"Bizi osorako zigorren aurka" mobilizazioak egin dituzte

Ataria 2021eko irailaren 18a

Eguerdian euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzeak egin dituzte Tolosaldeko hainbat herritan; bizi osorako kartzela zigorra ahalbidetzen duen 7/2003 legea bertan behera utz dezatela eskatu dute.

Arrasateko 31 kilometroko martxaren partez, Euskal Herri osoan kontzentrazioak egin dituzte eguerdian, eta baita Tolosaldean ere. Salatu dutenez, azken asteetan, Sare Herritarrak, eta bereziki Arrasaten arlo horretan lan egiten dutenek "presio izendaezina" jasan dute gaurko egunerako antolatuta zegoen martxa dela eta.

Bizi osorako zigorrik ez! Giza eskubideak, elkarbizitza, konponbidea lelopean egin dituzte ordu erdiko kontzentrazioak herri ezberdinetan. Euskal presoentzat prestaturiko 7/2003 legea, bizi osorako kartzela zigorra ahalbidetzen duena, bertan behera utz dezatela eskatu dute. Sarek esan du espetxean 40 urteko zigor efektiboa betetzera kondenatuta dauden 15 preso ingururen egoera horixe dela, eta gogoratu du "kondena horiek espetxeen arloko araudian ezarritakoaren kontrakoak" direla.

Sare Herritarrak giza eskubideak defendatzen eta haien alde mobilizatzen jarraituko duela esan du: "Mesede eskasa egingo genioke gure herriari eskubideen urraketa horren aurrean isilik geratuko bagina, biktimei min handiagoa eragiten diela dioen argudio faltsua erabilita".

Bizikidetzan aurrera egin ahal izateko ahaleginak egiten jarraitzeko deia egin dute. "Elkar ulertzeko espazioak bilatzeko unea da". Horretarako, ordea, salbuespen legedia bertan behera uztea "ezinbestekoa" dela esan dute. Kontzentrazio amaieran ozen esan dute: "Bizi osorako zigorrik ez!".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!