Garazi Eguzkiza eta Adrian Sanchez billabonatarrek errugbian jokatzen dute, eta biak Hernani Club Rugby Elkartean ari dira. Eguzkiza orain lau bat urte hasi zen errugbian: «Nire aitak Hernaniko Azeri Zaharrekin entrenatu zuen eta horrez gain inklusibokoen taldean lagundu zuen. Inklusiboen partida batean jendea behar zuten laguntzeko, ni joan nintzen eta asko gustatu zitzaidan. 14 urtez azpikoetan izena eman nuen eta geroztik klubean jarraitzen dut».
Sanchez orain dela sei urte hasi zen errugbian. Aurretik saskibaloian aritzen zen: «Seniorretara pasatzerako garaian taldearekin arazoak izan genituen eta utzi egin nuen». Hilabete batzuk bere kasa entrenatzen aritu ondoren, «nire amaren lagun batek esan zidan Hernanin giro ona zegoela errugbian ibiltzeko. Bertara joan nintzen probatzera eta hor jarraitzen dut, pozik».
Tolosaldean errugbi talderik ez egoteak ez duela zerikusirik eskualdean dagoen zaletasunarekin dio Sanchezek: «Gipuzkoako toki askotan daude taldeak, eta ez da inoiz egon afizio handirik. Pentsatzen dut Tolosaldean inoiz ez dela izan ekimenik talde bat sortzeko; azken finean, zerotik talde bat sortzea zaila da». Eguzkizak bat egiten du: «Ez dut uste afizioarena arazoa denik. Nire lagunei gustatzen zaie ere errugbia ikustea, baina uste dut jende askok kirol honetan hasteko beldurra-edo duela. Iruditzen zaie arriskutsuegia dela kirola, eta ez da horrela».
Kirol arriskutsua izatearen fama horren aurrean, Sanchezek dio errugbia kirol «gogorra» dela; «baina, fisikoki prestatuta bazaude eta intentzioa jartzen badiozu, ez dut uste kirol arriskutsua denik. Kontuz ibili behar da eta lesioak izaten dira, baina fisikoki ondo bazaude, pixkana hasita jokalari ona izan zaitezke, arriskurik gabe». Bide horretatik, jokatzen den postuari ere garrantzia ematen dio Eguzkizak: «Teknikak bere garrantzia du. Defentsatik nola ihes egin baldin badakizu, kolperik gabe bukatu ahal duzu partida».
Errugbiak bere konplexutasuna du. «Hasi nintzenean asko harritu nintzen, pentsatzen nuelako kirol askoz sinpleagoa izango zela, batez ere telebistan ikusitakoagatik», esan du Sanchezek. «Baina arau asko daude, eta nahiko konplexua da. Fase asko daude jokoan, eta hasieran pixka bat kostatzen da ulertzea».
Emakumezkoen lehen taldean jokatzen du Eguzkizak. Egun Euskal Ligan daude, estatuko hirugarren maila dena. «Hamabira jokatu genuen aurreko denboraldian, eta aurten hamabostera jokatu nahi dugu», azaldu du «Horregatik errugbian probatu nahi duten neska guztiak taldera etortzera animatzen ditut».
Sanchez gizonezkoen lehen taldean dago, eta Ohorezko B mailan jokatzen dute, hau da, bigarren mailan. Denboraldi honetako helburua iazkoaren berbera dela esan du: lehen mailara igotzea. «Iaz finalerdietan geratu ginen, eta aurten uste dut aukera gehiago dugula igotzeko».
BABESLE TOLOSARRAK
Hernani Club Rugby Elkarteak 2021-2022 denboraldia hasteko prestaketa lanei ekin dion honetan, denboraldirako babesle nagusia aurkeztu du. Tolosan kokatuta dagoen CMO Valves enpresa entzutetsua izango da hernaniarren babesle nagusi berria. Gainera, Ford markak Gipuzkoan duen kontzesionario ofizialak, Garaje Tolosak, ere taldea babestuko du.
Joxe Gurutz Elosegi, Hernani Club Rugby Elkarteko lehendakaria oso eskertuta agertu da CMO Valves eta Garaje Tolosa enpresek taldea babestu eta «harrobi zein inklusibitatean oinarritutako proiektua» hazten laguntzeagatik. Iker Diez CMO Valves eta Garaje Tolosako jabeak, berriz, «balore handiko talde bat babestea oso pozgarria» dela adierazi du.