Etxetik atera eta elkartzeak duen garrantzian arreta jarriz

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko ira. 15a, 11:58

Guretzako saioak laster hasiko dituzte eskualdeko bost herritan; elkarrengandik ikasiz, jatorri anitzeko emakumeak biltzeko gune izan nahi dute taldeek.

Tolosaldea Garatzen garapen agentziako Aniztasuna sailaren barruan sortutako ekimena da Guretzako. Txelo Berra errenteriarra da eskualdeko Guretzako taldeen dinamizatzailea. 2015. urtetik ari da lanean eskualdeko emakumeekin.

Elkartzeko gune bat izatea du helburu Guretzako ekimenak, batik bat, beste herrialdeetatik datozen emakumeentzat. «Ez dituzte ezagutzen hizkuntza, tokia, ohiturak,... eta ez dute inor ezagutzen. Asko ume txikiekin datoz, horrek duen zailtasun guztiarekin», dio Berrak. Gizonentzat errazagoa dela azaldu du: «Sozializatzeko beste modu bat dute. Ikastaroak egiten dituzte, lanera doaz, lehenago ikasten dute gehienetan hizkuntza... eta emakumeak, aldiz, haurrekin etxean daude, eta etxean gelditzen dira».

Emakumeak elkartu nahi dituzte esperientzia ezberdinak trukatzeko. «Hemen ia hogei urte bizitzen daraman jendearekin topo egin dezakezu, eta ia ez dakite euskara, baina ezta gaztelania ere. Eta ez dute hemengo inor ezagutzen. Justu-justu hirugarreneko bizilaguna», argitu du dinamizatzaileak.

«Oso garrantzitsua iruditzen zait elkartzeko guneak ezartzea eta erraztea», esan du Berrak. Era berean, azpimarratu du udalekin harreman zuzena sortzea ere garrantzitsua dela. Elkartzeko gune izateaz gain, formatzeko balia dezakete, hau da, zalantzak argitzeko eta gai ezberdinen gaineko informazioa lortzeko: «Guzti hori jakiteko lekua izan daiteke».

Talde hauetan ere Koronabirusak bere arrastoa utzi du, baina bazkari asko eginak dituztela ekarri du gogora, eta mendi bueltetatik hasi eta bestelako ekimen asko egiten dituztela.

Aipatu moduan, Txelo Berrak dinamizatzen ditu taldeak, eta talde bakoitzak izango duen saioaren nondik norakoak zehazten ditu. Horrez gain, emakumeen beharrak detektatzen ahalegintzen da, eta behar horren gaineko informazioa aurkitzen ere saiatzen da. Jendearen artean eztabaida sortzea ere bilatzen du. Eta batik bat, behin eta berriz errepikatzen die jendearekin elkartu eta harremanak izateak duen garrantzia: «Publikora atera, eta jendea ezagutzea bezain garrantzitsua da jendeak beraiek ezagutzea, eta hori behin eta berriz errepikatzen dut, batik bat, estereotipoak apurtzeko».

Emakume askok denbora libre askorik ez dutela izaten ere aipatu du, zaintza lanak dituztelako. Latindarren adibidea jarri du: «Emakume latindarrek orokorrean beste irteera edo elkartzeko puntu batzuk izaten dituzte, eta normalean hizkuntza bera ere ez dute izaten zailtasun puntu bat». Guretzako ekimenean, aldiz, «denetarik dago, baina batik bat arabiar jatorriko emakumeak biltzen dira», esan du. Hogeita hamar-berrogehi urteren bueltako emakumeak dira taldeetara animatzen direnak, eta egoera ezberdinean dauden emakumeak izan ohi dira.

ETXEZ ETXEZ, ATE JOKA

Herritar guztiak gizarte honetan integratuta ikustea gustatuko litzaioke Berrari, eta hori horrela izan dadin «herritar guztiek» egin behar dutela ahalegina nabarmendu du. Beste behin, jendeak estereotipo asko dituela gogorarazi du, eta horiek apurtu eta benetan ezagutzera animatu ditu eskualdeko herritarrak.

Bestalde, herrietako emakumeak taldera animatzeko era guztietako saiakerak egiten dituztela kontatu du: «Udaletatik gutunak ere bidali izan zaizkie iritsi berriei eta denbora bat bizitzen daramatenei, saioetara gerturatzeko gonbidapenak luzatuz». Udalak «ahalegin berezia» egiten ari direla argitu du Berrak. Era berean, taldeak osatzea «kosta» egiten dela aitortu du. Taldeak osatu eta desegin izan direla dio. Alegiaren kasuan, urte batzuk eta gero, berriz ere, martxan jarri dutela esan du; aldiz, Anoetan, hasieratik dute martxan.

Doakoak dira saioak, eta emakumeek nahi adina saiotara joateko aukera dute. Izena eman behar da, eta horretarako 646 057 080 telefono zenbakia jarri dute eskura, edota migrazioa@tolosaldea.eus helbide elektronikora mezu bat idatzi dezakete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!