Tolosaldea Garatzen agentziaren irailerako eskaintza

Tolosaldeko Ataria 2021ko ira. 14a, 18:00
Ikastaroetako batzuk Emari Coworking gunean izango dira.

Tolosaldea Garatzenek eskualdeko enpresetako langileei zuzendutako hiru doako ikastaro antolatu ditu; gaitasun ekintzaileei, prezioei eta Kaban metodoari buruzkoak izango dira.

Tolosaldea Garatzenek hiru ikastaro antolatu ditu irailaren 22, 23 eta 30erako. Hiruak dira doakoak eta izena Tolosaldeagaratzen.eus eman behar da.

  • Gaitasun sortzaile eta ekintzaileak
    Irailak 22, asteazkena
    09:00-14:00, Lehiberri Zentroa

Ekintzailetza negozio berri bat sortzeko ekintzarekin lotzen da, baina garrantzitsua da ulertzea jarrera sortzailea eta ekintzailea positiboa dela edozein profesionalentzat. Tailerrean ingurune profesionalean agente aktibo bat izateko eduki beharreko jarrera ekintzailea lantzen ikasiko dute.

  • Nola finkatu prezioak: helburuak, kostuen analisia eta bezeroei emandako balioa
    Irailak 23, osteguna
    09:00-13:00, Lehiberri Zentroa

Prezioak ezartzeko orduan, kontuan hartu beharreko hainbat faktore daude. Horietako batzuk dira bezeroa ezagutzea, kostuak aztertzea, diru-sarreren helburua finkatzea, lehiakideak ezagutzea edo produktuaren kostua zehaztea. Prezioak faktore horien analisian oinarrituta eta helburua lortzeko eman beharreko pausoen bidez nola finkatu ikasiko dute.

  • Kanban metodoa enpresan: nola kontrolatu lanaren aurrerapena
    Irailak 30, osteguna
    09:00-13:00, Emari Coworking Gunea (Tolosa)

Tailer honetan Kanban metodoa eta izan ditzakeen aplikazioak ezagutuko dituzte. Kanban lanaren aurrerapena kontrolatzeko erabiltzen den metodoa da, etengabeko hobekuntzaren estrategiaren barruan lerrokatua. Enpresaren hainbat arlotan zereginak nola osatzen diren kudeatzea da helburua. Horretarako, lana bistaratu behar da, egiten ari den lanaren muga zehaztu, eta zeregin bat betetzeko behar den denbora neurtu.


Bestalde eta urritik aurrera, enpresei eta bertako langileei zuzendutako hizkuntzen beste bi ikastaro ere egingo dituztela esan du Tolosaldea Garatzenek: ahozko frantses eta ingeles ikastaroak. Elduaien Hizkuntza Eskolarekin elkarlanean antolatuta, 12 asteko iraupena izango dute. Frantseseko eskolak asteazkenetan izango dira, urriaren 6tik aurrera. Ingeleseko klaseak, berriz, ostegunetan izango dira, urriaren 7an hasita. Biak ala biak, 13:00etatik 15:00etara bitarte izango dira, Lehiberri Zentroan. Izen-ematea ere webgunean egin beharko da. Lehiberri Foroko kide diren enpresentzat doakoak izango dira ikastaroak; gainerakoek, 150 euro ordaindu beharko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!