Tolosan eta Alkizan egingo dira aurten ondarearen jardunaldiak

Ataria 2021ko ira. 14a, 07:58

Ondarearen Europako Jardunaldien barruan bisita gidatuak, tailerrak eta txotxongilo emanaldia izango dira, besteak beste

Ondarearen Europako Jardunaldien VI. edizioa Gipuzkoako 31 udalerritan egingo da aurten Guztion ondarea, denok parte. Ondare irisgarri eta inklusiboa lelopean. Programan ondarea pertsona guztiei hurbiltzeko moduko kultura ekitaldiak antolatu dituzte. «Helburua da informazioa ahalik eta modu argienean ematea, gizarte talde jakin batzuei gure kultura ondareaz gozatzea eragozten dieten oztopoak ezabatzeko», esan dute antolatzaileek.

Tolosako Topic museoan ikusmen eta entzumen urritasuna duten pertsonentzat bisita gidatua egingo dute urriaren 16an. Bi bisita egingo dituzte bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz. Ondoren, 16:30ean ikusmen eta entzumen urritasuna duten pertsonentzat bideratuta txotxongilo sormen tailerra izango da. Amaitzeko, 18:30ean Topic-en La Puntual konpainiaren El Patito Feo txotxongilo emanaldia izango da. Audio deskribapen eta zeinu hizkuntza bidez egokituko da saioa, mota guztietako ikusleek goza dezaten.

ALKIZAN BI AUKERA

Alkizako Udalak ere parte hartuko du Ondarearen Europako Jardunaldietan. Alde batetik, urriaren 23an, 10:00etan baserri paisaia ezagutu eta ulertzeko bisita gidatua egingo dute. Entzumen arazoak dituzten pertsonentzat egokituta egongo da eta horretarako zeinu hizkuntzako interprete zerbitzua eskuragarri egongo da. Bestalde, urriaren 2an, 16an eta 30ean, bisita gidatuak egingo dira Tourseko San Martin elizara. Orain gutxi arte bisitarientzat itxita egon da herriko eliza eta aurten erretaula ederra eta gainerako altxorrak erakusteko zabalduko dute.

Alkizako bi ekimenetan izen emateko kultura@alkiza.eus helbidera idatzi beharko da edo whatsappa bidali beharko da 688 60 44 66 telefonora.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!