Osasun Sailaren datuen arabera 3.668 test diagnostiko egin zituzten atzo, eta horietatik 119 positiboak izan ziren (%3,2). Tolosaldean ez zuten positiborik atzeman.
Herenegun, larunbatean, 4.364 test diagnostiko egin zituzten, eta horietatik 186 positiboak izan ziren (%4,3). Tolosaldean positibo bakarra izan zen, Anoetan, hain justu. Ostiralean, 4.794 test diagnostiko egin zituzten, eta horietatik 234 positiboak izan ziren (%4,9). Tolosaldean 4 izan ziren positiboak: Anoetan, Asteasun, Ibarran eta Iruran bana.
5.000 biztanle baino gehiago dituzten Tolosaldeko herrien kasuan, Amasa-Villabona (118) eta Tolosa (113) kolore horian daude. Osasun eremuei begiratuta, Alegiakoa (148), Ibarrakoa (229), Villabonakoa (175) eta Tolosakoa (105) kolore horian daude. Tolosaldeko ESIa (160) ere kolore horian dago.
Ospitaleen egoerari dagokionez, COVIDaren ondorioz 26 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, COVIDa duten 57 pertsona ZIUn daude, eta 170 pertsona daude ospitaleetan.
Bestalde, Tolosaldeko Gazte Koordinadora Sozialistak jakinarazi du larunbatean Anoetan eta Tolosan Ertzaintza oldartu zela. "Honakoak, azkenaldian etengabe errepikatzen ari diren gazteon aurkako kriminalizazio gertaera moduan hartu behar dira", esan du. Gaineratu du COVID-19aren testuingurua aitzaki hartu dutela "gazteak sumisioan eta obedientzian hezteko" eta asmoa ez dela gazteen segurtasuna eta osasuna bermatzea.