Guretzako taldeetan parte hartzeko aukera

Ataria 2021ko ira. 11a, 10:00

Zizurkilgo Guretzako taldearen artxiboko irudia.

Jatorri anitzeko emakumeen bilgune da Guretzako eta eskualdeko bost herritan osatu dute taldea, Anoetan, Iruran, Alegian, Amasa-Villabonan eta Zizurkilen.

Bizi esperientziak, kezkak eta jakintzak partekatuz, elkarrengandik ikastea helburu duen taldea da Guretzako, Tolosaldea Garatzenek azaldu duenez. Bertako nahiz atzerritik eskualdera bizitzera etorritako emakumeak biltzen dira, hilabetean behin eta ikasturtea amaitu bitarte. Ikastea ez ezik, harremantzea eta herrian parte hartzea sustatzea ere bada programaren helburuetako bat.

Lehen urratsa elkar ezagutzea izaten da, elkarrizketarako konfiantzazko giro aproposa sortzeko, eta ondoren gai askoren inguruko hausnarketa bultzatzen dute saioetan: emakumeen eskubideak, zaintza lanak, jatorrizko herriko bizimodua, oraingo herrian bizikidetza eta integrazioa, baliabide sozialen ezagutza… 

Guretzako taldean parte hartzea doakoa da, eta nahi adina saiotara joan daiteke. Are gehiago, norbere herriko taldean parte hartu ezin dutenek, inguruko beste herrietara ere gerturatzeko aukera dute. Hala ere, izena ematea beharrezkoa izango da, aforoa kontrolatu eta hartu beharreko neurriak hartzeko. Online egin daiteke edo telefonoz ( 646 057 080). 

Hitzorduak 

  • Anoeta: Hileko 4. ostiraletan (irailak 24, urriak 29, azaroak 26, abenduak 17), 15:00-17:00, udaletxean. 
  • Irura: Hileko azken ostegunetan (irailak 30, urriak 28, azaroak 25, abenduak 14), 10:00-12:00, kultur etxean. 
  • Villabona: Hileko 3. astelehenetan (irailak 20, urriak 18, azaroak 15, abenduak 13), 17:00-19:00, Subijana Etxean. 
  • Zizurkil: Hileko azken asteazkenetan (irailak 29, urriak 27, azaroak 24, abenduak 15) 10:00-12:00, kultur etxean. 
  • Alegia: Hileko azken asteartetan (irailak 28, urriak 26, azaroak 30, abenduak 14) 10:00-12:00, kultur etxean. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!