Beste bi greba egun egitera deitu dute Gipuzkoako zahar etxeetan

Ataria 2021ko ira. 10a, 14:49

LABek greba egunen berri eman du gaur, Donostian.

ELA eta LAB sindikatuek Gipuzkoako helduen egoitzetan bizi duten egoera "larria" salatu nahi dute irailaren 23 eta 24ko lanuzteekin. 

Gipuzkoako helduen egoitzetako egoera larria ezagutarazi eta lehenbailehen irtenbidea eman behar zaiola aldarrikatzeko grebarako deia luzatu dute ELA eta LAB sindikatuek irailaren 23 eta 24rako. LABek agerraldia egin du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean gaur, eta bertan eman du deialdiaren berri. 

Sindikatuak esan du greba deialdi hauek, langileek aspalditik martxan daukaten borroka prozesuaren jarraipena direla eta baita pasa den urtarrilaren 26an eta martxoaren 4an zaintza zerbitzuetako langileek, erabiltzaileen senideekin eta bestelako mugimendu sozialekin egindako borroka egun bateratuen jarraipena ere. "Osasun larrialdia dela eta, jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da Gipuzkoako nagusien egoitza gehienetan; gehiegizko lan-kargak eta egoiliarrei behar duten atentzioa eskaintzeko denbora falta, soldata-arrakalak egoitza berean edota lan berbera egiten duten sektoreko langileen artean, egutegietan egiten diren etengabeko aldaketak, opor egunez gozatzeko oztopoak, lanpostuen egonkortze eza edo justifikaziorik gabeko kaleratzeak, balorazio psikosozialik ez egitea, protokoloen eta segurtasun-irizpideen etengabeko aldaketak... Langileen eskubideen urraketen adibide argiak dira guzti hauek".

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Patronalaren erantzukizun "osoa" nabarmendu du, irtenbideak bilatzetik urrun "urgentziazko egoera hau betikotzen ari direlako". "Elite ekonomikoaren irabaziak handitzea edota gastu sozialaren gutxitzea lehenesten dituzte, langileen lan baldintza duinak edota egoiliarren kalitatezko zaintza zerbitzuak bermatzetik urrun. Bestela, nola uler daiteke diru publikoz finantzatutako enpresa pribatuek zaharren zaintza lanak baliatuz dirua egiten jarraitzea?", gaineratu du. Negoziazio kolektiboa berraktibatu eta gatazka hau desblokeatzeko momentua dela uste du eta Administrazio Publikoari zein Patronalari langileek "merezi duten" errekonozimendu sozial eta ekonomikoa emateko eskatu die. Irailaren 23 eta 24an mobilizazioak egingo ditu LABek eta bertan parte hartzeko deia egin du. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!