Finalera sartzeko asmoz eta aukerekin

Imanol Garcia Landa 2021ko ira. 9a, 07:58

Joseba Otaegi eta Iñaki Errazkin IV. Mahala Euskal Pentatloi Sariaren bigarren kanporaketan lehiatuko dira larunbat honetan.

Harriari 10 jasoaldi, giza proban plaza bat, aizkorarekin kanaerdiko enbor bat eta 45 ontzako enbor bat ebaki, txingekin hiru plaza eta korrika 10 itzuli zezen plazari kilometro bat osatuz. Lan horiek egingo dituzte larunbatean Azpeitiko zezen plazan, 18:00etan hasita, IV. Mahala Euskal Pentatloi Sariaren bigarren kanporaketan lehiatuko diren hamabi kirolariek. Lehen sei denbora onenak egiten dituztenak pasako dira finalera. Asmo horrekin joango dira bertara Joseba Otaegi zizurkildarra eta Iñaki Errazki tolosarra. Hauek izango dituzte aurkari: Aritz Irazabal, Aratz Mugertza, Benat Amade, Kepa Peñagarikano, Jagoba Otaegi, Julen Gabirondo, Izeta VI.a, Julen Kañamares, Zelai V.a eta Gorka Etxeberria.

Otaegik aurreko larunbatean lortu zuen bigarren kanporaketa honetan parte hartzeko txartela, denbora onena eginez. «Finalera pasatzea estuago egongo da, baina badu esperantza finalera pasatzeko. Ez da aurreko larunbateko lana baina askoz gehiago, eta iruditzen zait maila horretan eginez gero, badudala aukera finalera sartzeko», esan du. Enbor bat gehiago izango dute oraingoan, eta aizkolaria izanik, horrek berari abantaila emango diola uste du.

Iazko finalean izan zen Errazkin eta horregatik bigarren kanporaketan sartuko da lehian. Gogotsu dagoela esan du tolosarrak: «Hainbeste entrenamendu egin eta gero, gogoz gaude eguna iristeko. Nire lana egiten badut sartzeko moduan izango naizela espero dut». Aizkoran gero eta hobeto moldatzen ari dela dio, eta larunbateko saioan bi enbor izateak ez dio beldurrik ematen Errazkini. «Ez dira lan oso luzeak, eta segundo gutxitan egongo da sailkapena. Akats txiki batekin kanpoan geratzeko arriskua egon daiteke», esan du kirolari tolosarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!