Ehnelur kooperatibako langileek lanuzteak hasi dituzte

Ataria 2021eko irailaren 8a

Hainbat baserritarren babesa jaso dute gaurko elkarretaratzean.

Bi orduko geldialdia egiten ari dira astelehenetik; lan baldintzak hobetzea eta inposaketekin amaitzea eskatzen diote exekutibari.

Ehnelur zerbitzu kooperatibako langileak bi orduko lanuzteak egiten ari dira. Astelehenean hasi ziren eta konponbiderik ezean gutxienez hilaren 17ra arte egingo dituztela esan dute. «Azken urteetan Ehnelurreko langileak pairatzen ari garen errespetu falten, inposaketen, lan baldintzen okertzearen, arrazoitu gabeko lanpostu aldaketen eta abarren aurrean ezin dugu gehiago», esan dute.

Horiek horrela, hiru eskaera zehatz egin dizkiote exekutibari: langileen lan baldintzak langileekin «zintzoki» adostea, eguneroko jardunean pairatzen dituzten «bidegabeko inposaketekin» amaitzea, eta lanaren kudeaketa langileekin adostu eta antolatzea. Esan dutenez, egoeraren aurrean lanuzteak hasi dituzten langileek «prestutasun osoa» dute egoera bideratu eta konponbideak adosteko.

Bi orduko lanuzteak egitearekin batera Anoetako Gurdi dendaren aurrean elkarretaratzeak ari dira egiten Ehnelur-Gurdi: langileekiko begirunea-inposaketarik ez lelopean. Gaur goizean elkarretaratzea egin dute eta hainbat baserritar gerturatu dira mobilizaziora elkartasuna adierazteko. Langileek babesa eskertu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!