Astelehenean hasiko da ‘Ataria Irratia’ren denboraldi berria

Asier Imaz 2021ko ira. 9a, 07:59

Astean zehar lau atal nagusi izango ditu programazioak: Pasahitza, podcast-ak, Zebrabidea eta saio libreak. Asteburuan, trikiti doinuek hartuko ditu goizak.

Irailaren 13an jarriko du Ataria-k martxan Ataria Irratia-ren denboraldi berria. Astean zehar lau ardatz nagusi izango ditu, euskal musikaz inguraturik. Goiza eskualdeko albisteentzat izango da. Tolosaldean gertatzen ari dena kontatuko du Pasahitza saioan, 09:00etatik 13:00etara.  

Bazkalostean, 15:00etatik 16:00etara, saio berezien txanda izango da. Gai edo atal zehatzak landuko dituzte erredakzioko kazetariek. Jarraian, Zebrabidea saioak Euskal Herriko albisteak jorratuko ditu. Arrosa Sarearen  magazina da Zebrabidea, eta Ataria Irratiak ere bertan parte hartzen du. 

Azkenik, 20:00etatik aurrera, saio libreen txanda izango da. Irrati libreen filosofiarekin bat eginaz, Ataria Irratia herritarren eskura geratuko da iluntzeetan, nahi duenak nahi duen saioa egin dezan. 

Asteburuei dagokienez, eguerdira arte trikiti doinuak entzuteko aukera izango da 107.6 fm edo Ataria.eus webgunearen bidez. Hilean behin, Hauspo Artean trikitia saioa gehituko zaio eskaintza horri. Horrez gain, asteko hainbat saio berriro entzuteko aukera egongo da. 

Pasahitza
Tolosaldeko protagonisten ahotsak, zuzeneko hartu-emanak, prentsaurrekoak eta Ataria-ko kazetarien kontakizunek osatuko dute goizeko magazina astelehenetik ostiralera. Horrez gain, kolaboratzaile sare zabala du Ataria-k gai desberdinak lantzeko. Luis Galarragak, adibidez, astelehenero pilota kontuak izango ditu hizpide; Alain Rekondok, telesailez hitz egiten jarraituko du; Amaia Senperenak, Galtzaundiren aktualitatea kontatuko du; Aintzane Artolak bi astez behin errezeta goxoak prestatuko ditu; Idoia Apaolazak psikopedagogia izango du hizketa gai. Ikastetxeetako ikasleak ere Pasahitzatik pasako dira, Iñaki Zubeldiak literaturaren historia errepasatuko du eta Joxe Anjel Sarasola herri kirol kontuez ariko da Desafioa atalean. Horiekin batera, beste hainbat kolaboratzaile ere izango dira 09:00etan hasiko den saioan.  

Podcast-ak
Ataria-ko kazetariek gai zehatz baten inguruan egunero saio bat egingo dute, 15:00etatik 16:00etara. Baserri mundua Eneritz Maizek ekarriko du bi astez behin; Imanol Garcia Landak natura eta barne ezagutza jorratuko ditu; Irati Saizarrek asteburuko kultur ekitaldien errepasoa egingo du, protagonisten elkarrizketekin, ostiralero; Iñigo Terradillosek bidaien inguruko saioarekin jarraituko du; eta Jon Miranda literaturaren itsasoan barneratuko da, Letren Errepublikan. 

Saio libreak
Urtero indartu nahi den atala da saio libreei dagokiena. Herritarren eskura jarri nahi da irratia, 20:00etatik aurrera. Edonork bere saioa egiteko aukera izango luke. Horretarako ataria@ataria.eus helbidera idaztea nahikoa izango da, edo 943 65 56 95 zenbakira deitzea.

Lan-urte hasiera honetan ondorengo saioak daude loturik: Karmen Sanzek musika klasikoari buruz hitz egiten jarraituko du Musikasi saioan. Ekaitz Aramendik Mailu ta Akuilu musika saioarekin jarraituko du, baina berrikuntzekin etorriko da, izan ere, saio bakoitzean musikari edo musikazale bat elkarrizketatuko du. Imanol Artola Felix-ek (H)ari Naizela bertso saioa gidatuko du beste urtebetez. Idoia Gereñuk antzerkia irratiratuko du Eleak eta Beleak irratsaioan. Josu Artutxaren Zer berri? berrikuntzen artean kokatu behar da. Moda, tendentziak eta beste hainbat gai izango ditu hizpide tolosarrak, hilean behin. 

Atal hori, ordea, oraindik zabalik dago eta horrela egongo da lan-urte guztian. Ataria Irratia-n saio libreak egiteko aukera, beraz, zabalik dago.  

Zuzeneko saio bereziak
Estudioa kalera ateratzeko helburua azpimarraturik dago aurtengoan ere. Tolosako Beotibarretik zuzenekoak, herrietako ekitaldi berezien emanaldiak eta beste hainbat ekimen eman nahi dira aurrera, Ataria Irratia eskualdean bere lekua hartzen joan dadin. 

Eta gogoratu, irratia entzuteko orratza fm-an 107.6an jarri behar dela Tolosaldean. Eskualdean eta bertatik kanpo, Ataria.eus-en entzun daiteke.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!