Atzegiren Txolarte programak boluntarioak behar ditu

Ataria 2021ko ira. 8a, 07:58

Urriaren 16an hasiko dira elkartzen, Tolosan, adimen urritasuna duten pertsonak eta boluntarioak, bi astez behin; boluntario izan nahi dutenen bila dabiltza.

Atzegik eskaintzen dituen aisialdi zerbitzuen barnean, ikasturtea hastearekin batera jarriko dute martxan Txolarte programa. Txolarteak adimen urritasuna duten pertsonentzako aisialdi eta denbora libreko kuadrillak dira eta asteburuetan elkartzen dira ekintza desberdinak egiteko. Gipuzkoan 30 kuadrilla inguru daude, eta Tolosakoa da handienetakoa. Jarduera horiek egiteko boluntarioen laguntza behar izaten dute, eta Atzegik deialdia zabaldu du eskualdeko boluntarioak anima daitezela eskatuz programan parte hartzera.

Urriaren 16an elkartuko da Txolartea uda ostean lehen aldiz Tolosan. Marta Esnaola Atzegiko langileak azaldu duenez, normalean larunbat arratsaldeetan elkartu ohi dira, 16:00etatik 19:00ak aldera arte, bi astez behin. "Batzuetan larunbat goizak ere aprobetxatu izan ditugu, azokan buelta bat emateko". Egutegian jai egunak eta zubiak tokatzen direnean, kuadrillek ere jai hartzen dute.

Beti ezberdinak dira antolatzen dituzten planak. Tarteka paseoak egiten dituzte, festak ere gogoko dituzte, eta irteerak edota zinemara joateko planak ere ez zaizkie falta.

Boluntarioak dira plan horiek proposatu eta antolatzen dituztenak, eta Tolosako Txolartea Gipuzkoako jendetsuenetarikoa izanik, boluntario gehiagoren laguntza behar dute ekintzak antolatzeko. "Boluntario bakoitzarekin bere konpromisoa zenbatekoa den adosten dugu, esaterako, badira hilabetean behin parte hartzen dutenak, ez dute zertan beti joan", azaldu du Esnaolak. Boluntario izatera animatzen denak, Atzegiko bulegoetara deitu eta aisialdi zerbitzuagatik galdegiteko eskatu dute. 943 62 39 42 da telefono zenbakia.

Gizarteratzea errazteko

Atzegi adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako familia elkarte bat da. Familiei aholkularitza eskaintzen diete, bizi kalitatea hobetzeko, eta haien gizarteratzea erraztuko duen ingurune «egoki eta lagunkoi» bat sortzea dute helburu. "Inklusioa lortze aldera pausoak ematen saiatzen gara", esan du Esnaolak. Inklusiboagoa, bidezkoagoa eta solidarioagoa izango den gizarte bat eraikitzeko lanean ari dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!